Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bizkaia

Jon Enbeitak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari

2018/12/10
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Enbeitaren ibilbidea saritu gura izan du eta horregatik berak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari.

Jon Enbeita Ealo bertsolariak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Finala zapatu iluntzean izango da Bilbon, 17:00etatik aurrera, Bilbao Arenan.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Talde Antolatzailearen erabakiz izango da Jon aurtengo txapela ipiniko duena.

Argazkilaria: Mikel Alonso. Iturria: XDZ

1950 jaio zen Jon Muxikan. 3 urtegaz aita Balendin Enbeitak zuzendutako antzerki baten kopla bat kantatu zuen lehenengoz. Han hasi zuen ibilbide oparoa: bost bider kantatu du Txapelketa Nagusiko finalean (1980 –bigarren egin zuen-, 1982, 1986, 1989, 1993); beste bost bider izan da Bizkaiko finaletan, eta horietatik bi bider izan da Araba-Bizkaiko Txapeldun (1987, 1990 –txapeldun-, 1992 –txapeldun-, 1994, 1996). Bertso idatzietan ere sari ugari jaso ditu Jonek.

Argazkilaria: Niko Moreno/Alberto Unamuno. Iturria: XDZ

Musikaren munduan ere ibilbide oparoa eduki du bere gitarra eskutan. 17-18 urtegaz hasi zen bere kontura gitarra ikasten, eta Euskal Herri osoan ibili da bakarlari moduan. Hainbat diska ere grabatu ditu, azkena, iaz.

Zapatuan Bilbao Arenako oholtzara igoko da Jon, eta berak izango du 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari txapela jazteko ohorea.

Argazkilaria: Conny Beyreuther. Iturria: Bertsolari Aldizkaria

                Twitter Facebook Instagram YouTube