Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Apirilaren 14an hasiko da udabarriko fasea

2018/03/20
Gaur aurkeztu da Bilbon Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udabarriko fasea; 78 bertsolari ariko dira kantuan lehenengo fase honetan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udabarriko fasea apirilaren 14an hasiko da Bilbon, eta maiatzaren 26an amaituko da. Guztira 13 saio egingo dira lehenengo fase honetan, Bizkaiko 11 herritan. Bi herritan goizez eta arratsaldez jokatuko dira kanporaketak.

78 bertsolarik eman dute izena udabarriko fasean, horietatik 23 bertsolarik kantatuko dute lehengoz Txapelketan.

Udabarriko fasearen ostean, udazkenekoa etorriko da. Horretan 30 bertsolarik kantatuko dute, udabarriko fasetik sailkatutakoak eta 2014ko finalista izan zirenek edukiko dute horretarako aukera. 2016an finalista izandakoak finalaurrekoetako fasean hasiko dute Txapelketa.

Aurkezpena, Bilbon

Udaberria hasi den egun berean aurkeztu da udabarriko fasea Bilboko Kalderapekon. Aurkezpenean Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Ione Narbaiza Txapelketaren arduraduna eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak hartu dute parte. Bertan azaldu dituzte Txapelketaren ingurukoak.

Aurkezpenean urteurrena eduki dute gogoan: 1958an egin zen Bilboko Areatzan Bizkaiko lehenengo Bertsolari Txapelketa. Areatzan jendetza batu zen ordukoan, eta 60garren urteurrena gogora ekarri nahi izan dute.

Basoaren atzean, ekosistema osoa

Txapelketaren Komunikazio Taldeak garatu du aurtengo irudiaren ideia. Basoa izango da, kolore desberdinetako baso bat.

Irudiarekin adierazi nahi izan dena da, Txapelketan ikusten dena baino askoz gehiago dela Bizkaiko bertsolaritza. Baso bat ikustean kanpokoa bakarrik ikusten dugu, baina badakigu barruan bizi handia dagoela, ekosistema oso bat. Bertsolaritzarekin ere berdina gertatzen da: Txapelketan bertsolarien lana ikusten da, baina horren atzean ekosistema osoa dago: Elkartea, bertso eskolak, hezkuntza arautuko klaseak, plazak eta abar luzea.

Talde teknikoak

Txapelketaren bueltan jende piloa ari da lanean, eta horretarako, talde teknikoak osatzen dira: gai jartzaileak, epaileak, komunikazio taldea eta talde antolatzailea. Horiek egiten duten lanaren ondorio ere bada Txapelketa.

Sarrerak

Udabarriko faseko sarrerak saioak jokatzen diren egunetan bertan, txarteldegian erosi ahal izango dira. 3 euro balioko du sarrerak; bazkideek 2 eurotan eskuratu ahal izango dituzte; eta 16 urtetik beherakoek, dohainik.

Informazio bideak

Webgune honetan egongo da informazio osoa: saioak, bertsolariak, asteroko albisteak, argazkiak eta bestelakoak. Gainera, sare sozialen bidez ere jarraitu ahal izango da Txapelketa, Elkartearen Twitter, Facebook eta Instagram kontuen bitartez. Bertsoa.eus atariak ere jarraipena egingo du.

                Twitter Facebook Instagram YouTube