Durangaldea ere finalaurrekoetara sailkatu da BBK sariketan

2016/02/23
Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuan jokatu da gaur goizean BBK Sariketako bigarren kanporaketa; Durangaldeko taldea nagusitu zaio Enkarterri/Ezkerraldekoari.

Bertsolari gazteen BBK sariketaren bigarren kanporaketa jokatu dute gaur Durangaldeko eta Enkarterri/Ezkerraldeko taldeek Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuan. Gaurko irabazlea Durangaldeko taldea izan da, 439,5 puntugaz; Enkarterri/Ezkerraldeak 386,5 puntu lortu ditu.

18 urtera artekoetan, Durangaldekoen taldean Bittor Altube Sarrionandia, Gorka Pagonabarraga Agorria eta Iruri Altzerreka Martinez aritu dira; Enkarterri/Ezkerraldeko taldean, ostera, Naroa Torralba Rodriguez, Maddalen Ruesgas Rasines eta Maider Barañano Uribarri.

24 urtera artekoetan, Durangaldeko taldean Txaber Altube Sarrionandia, Peio Azkarate Elejabarrieta eta Aitor Bizkarra Ruiz aritu dira; Enkarterri/Ezkerraldetik, ostera, Leire Portugués Cebrián, Ander Ucelay Aristi eta Asier Alcedo Cano.

Gaurko saioko aurkezlea Eneritz Zengotitabengoa Altzerreka izan da eta epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Maddi Ibaibarriaga Zubikarai ibili da.

Kanporaketa irabazita, bigarren fasera pasatuko da Durangaldeko taldea, eta martxoaren 2an, lehenengo kanporaketa irabazi zuen Busturialdearen kontra izango du saioa Arratzuko Barrutialde BHI ikastetxean.

BBK sariketako hurrengo kanporaketa bihar, otsailaren 24an jokatuko da Sopelako Ander Deuna ikastolan, 9:30ean.