'Mañukorta Bertsonajea' liburua aurkeztu da Bilbon

2014/11/27
Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' liburuaren protagonista, Xabier Amuriza idazlea eta Ione Narbaiza Bertsozale Elkarteko kideak parte hartu dute aurkezpen prentsaurrekoan; Durangoko Azokan jarriko da salgai liburua.

Gaur aurkeztu da Bilboko Laboral Kutxaren egoitzan 'Mañukorta Bertsonajea' liburua. Bertan egon dira Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' protagonista, Xabier Amuriza idazlea eta Ione Narbaiza Bertsozale Elkarteko kidea.

Bizkaiko Bertsozale Elkateak Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ri buruzko ikerketa lantxo bat egiteko asmoagaz, Xabier Amurizarengana jo zuen ikerketa lana egin, eta ostean, behar hori liburu batean biltzeko proposamenagaz.

Datu bilketa egin ostean, dotore josi du Amurizak lerroz lerro Mañukorta bertsonajearen bizitza, sei ataleko liburuan.  Formato nagusia elkarrizketak dira, non protagonistaren pentsatzeko era bitxia eta iritziak agertzen diren, bertsolaritzaz eta beste gai guztiez.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak konpromisoa dauka Bizkaiko bertsogintzan dihardutenen biografiak jaso eta jendartean zabaltzeko. Horregatik, aurtengoan, Bizkaian berezia izan den Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ aukeratu du bere bizitza plazara ateratzeko, Bizkaiko bertsogintzari eskainitako beharrarengatik eta Euskal Herri osoko plazetan emandakogatik.

Behar horren arduradun, Bizkaiko bertsogintzaren bizkarrezurra den Xabier Amuriza. Garai bertsukoak biak ala biak, eta plaza asko elkarregaz egindakoak. Sorpresaz betetako orrialdeak, beraz.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eskerrak eman gura dizkie babesleei, euren laguntzarik barik ezin izango zen-eta proiektua egin. Eskerrik asko Laboral Kutxa Bizkaiko Foru Aldundia eta Eika Kooperatibari.

Liburua Durangoko Azokan ipiniko da salgai, eta handik aurrera, ohiko liburu dendetan ere egongo da eskuragarri.