Maiatzaren 6an jokatuko da Balmasedan Bizkaiko Eskolartekoa

2018/05/02
Bizkaiko bertsolaritzako ikasleak elkartuko dira Balmasedan; egun osoko egitaraua dago antolatuta.

Maiatzaren 6an izango da Bizkaiko Eskolarteko Sariketen finala Balmasedan. Eskolartekoan Bizkaiko 18 urtetik beherakoek parte hartzen dute, bi mailatan: idatzizkoan eta bat-batean. Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu, elkarlanean.

Balmasedarako egitarau zabala prestatu dugu, guztia, bertsoaren inguruan:

  • 10:00 Eskolarteko bertso idatzien finala frontoian
  • 11:30 Eskolarteko bat-bateko sariketaren finala Klaret Antzokian
  • 13:30 Sari banaketa ekitaldia Klaret Antzokian
  • 14:30 Bazkaria frontoian
  • 17:30 Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko Saioa

 


Eskolarteko bertso idatzien finala:
Bizkaiko ikastetxeetan bertsolaritza ikasle direnek parte hartu dute idatzizko sariketan, eta horietatik batzuk Balmasedan jokatuko den finalera sailkatu dira. Mailaka jokatzen da, adinaren arabera: LH5etik batxilergora. Balmasedan erabakiko dira irabazleak zeintzuk diren.

Eskolarteko bat-bateko finala:
Aurten ere lau kanporaketa jokatu dira Bizkaian finalera heldu orduko: Deustun, Durangon, Getxon eta Lemoan. Horietataik zortzi bertsolari sailkatu dira Balmasedan jokatuko den bat-bateko finalera. Hauek dira bertan kantatuko dutenak:

• Amaiur Atxa
• Ander Sarriugarte
• Bittor Altube
• Gorka Pagonabarraga
• Iruri Altzerreka
• Maddi Egiguren
• Maite Sarasola
• Peru Irastorza

Sari banaketa
Idatzizko sariketaren eta bat-batekoaren sari banaketa ekitaldia egingo da eguerdian. Ekitaldian Bizkaiko Foru ALdundiko, Balmasedako Udaleko, Ikastolen Elkarteko eta Bertsozale Elkarteko ordezkariek parte hartuko dute.

Bazkaria
Goizeko lanak egin ostean, bazkaria egongo da frontoian. Bazkarirako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Maiatzaren 3ko eguerdira arte egongo dira salgai txartelak.

Arratsaldean, saioa
Eguna biribiltzeko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko Saioa jokatuko da 17:30ean Klaret Antzokian.

 

Bizkaiko Bertsozale Elkartetik gonbidapena luzatu gura dugu egun horretan parte har dezazuen.