Zilekoa: urte berria hasteko prest

2018/01/15
Zilekoak, Bizkaiko Bertsolaritzaren inguruko emakume gazteen topalekuak, urte berria hasiko du zapatuan.

Zilekoa Bizkaiko Bertsolaritzaren inguruko emakume gazteen topalekua da, eta datorren zapatuan, Larrabetzun, emango dio urteari hasiera. 

Ikasturte honetan ere Bizkaiko bertsolaritzaren inguruko neskek batzen jarraituko dute, Oihana Bartra eta Miren Amurizaren gidaritzapean. Eta entzuteko, pentsatzeko, esateko, sentitzeko, elkar banatzeko, barre egiteko... aukera ederra izango dute.

Zapatu honetan hasi eta ekainera bitarte lau saio egingo dituzte. Saioetan, beraien bizipenak elkarbanatzeaz gain, hainbat gonbidatuk beraien esperientziak kontatuko dituzte. Ikasturte honetan, besteak beste, Maite Berriozabal gai-jartzailearekin berba egiteko aukera edukiko dute, eta Lekore eta Txakur Gorria esperientziak ezagutzekoa.

Bizkaiko Bertsolaritzaren bueltako neska denak zaudete parte hartzera gonbidatuta. Oraindik ez baduzu izenik eman, deitu Elkartera.

Hemen iazko Maialen Lujanbiorekin izandako saioaren zati txiki-txiki bat: "ez ezkutatu, ardura hartu, ausartu, gozatu"