Gaur hasiko da Kopleruek 2015

2015/05/08
"Kopleruek" taldekako txapelketaren harira Jurgi Fuentes Goikoetxea elkarrizketatu dugu.

Jurgi Fuentes Taket eta Itallen bertso eskoletako kidea eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko transmisio eragilea da.

Jurgi Fuentes GoikoetxeaDurangon, 2015-05-08

Noiz eta zelan bururatu zitzaizuen taldekako Txapelketa hau antolatzea?

Batez be txapelketa sasoian sarri komentatu izan dogu bertso eskolako kideon artean lagun arteko zeozer ein beharko geunkela. Momentu zehatz bat esan beharko baneu Nafarroako Bardoan 2014 final ostea aitatuko neuke, inbidi sanoz bueltatu ginen Lesakan sortu zan giroa bizi eta gero.

Zeintzuk dira txapelketak dituen helburuak? Zer da lortu gura dozuena?

Antolatzen ibili garen heinean konturatu gara uste genduazan baino helburu gehiago eukazala eta txapelketea ondo diseinatu ezkero erraz antzean lortuko zirela. Zeozelan laburbiltzearren, taldekako formatoaren informaltasuna erabiliz aniztasuna bilatu dogu parte-hartzaileen artean, bertsolarieri jagokienez inoz plazan abestu bakoak, herri mailako bertsolariak eta Euskal Herri mailan ibilitakoak batera entzuteko modua egongo da. Bardin gai jartzaile/aurkezle taldean be, 20 urtetik 60 urtera bitarteko partaideak batu gara alkarren freskotasuna eta esperientzia uztartzeko.

Entzulegoa be partaide aktibo bihurtu nahi izan dogu eta saioetako epaia euren esku egongo da. 

Zein izango da saioen egitura?

Saioak gure beharrizanen neurrira egituratu doguz, hasierako ideia zirriborrotik hasita azkenean hiru egunetan egitea erabaki zan, egun bakotxean  saio bi eginez, saio bi honeen tartean solasaldirako mokautxo bategaz. Lau talde direla kontuan hartuta ligaxka eran egingo da talde danak alkarregaz abesteko aukera eduki dagien. 

Gaur bertan hasiko da txapelketa. Zelan sentitzen zara?

Txapelketa hau antolatzea plazer bat izan da danon artean hartu diralako erabakiak eta bakotxa bere aletxoa jartzen saiatu dalako. Sariak be norbanakook emondako dohaintzak izango dira.

Bertsozale oro gonbidatzen dot etortera, beso zabalik hartuko dogu ta!!!