Epaile izateko formazio sakona antolatu dugu urrian Bilbon

2019/09/26
Urriaren 19an eta 26an izango da ikastaroa Bilbon; izen-ematea urriaren 13ra arte egongo da zabalik.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak epailetza ikastaro bat eskainiko du urrian. Epaile izan gura dutenei zuzendutako ikastaroa izango da, langintza horretan trebakuntza sakonagoa jasotzeko. Urriaren 19an eta 26an eskainiko da ikastaroa Bilbon, 9:00etatik 13:30era.

Hainbat gai landuko dira, lau modulutan banatuta:

  • Urriak 19:
    • Neurria eta bertso moldeak
    • Errima eta hizkuntzaren erabilera
  • Urriak 26:
    • Gaia eta arrazoiketa
    • Kantakera, denbora eta ñabardurak

2018-12-01 Lekeitio, BBT18ko saioa. Epaileak

Izena emateko epea urriaren 13ra arte egongo da zabalik. Horretarako, idatzi mezu bat bizkaia@bertsozale.eus helbidera edo deitu 94 6812711 telefonora. Adierazi izen abizenak, herria eta kontakturako telefono bat.

Gonbidapen mezu hau jaso dugu: 

 

BEHAR GAITUE, BEHAR ZAITUEGU!

Bertsolari Txapelketa bat egiteko sei gauza baino ez dira behar: antolatzaileak, bertsolariak, entzuleak, gaijartzaileak, epaileak eta txapela. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urte birik behin egin ohi da. Zorionez, txapelketa hurreratu ahala, makina bat bertsozale inguratzen jaku, antolaketan laguntzeko gertu. Bertsolaritan be ezin esan makal gabiltzanik: makina bat bertsolari trebe dekogu Bizkaiko eskualdeetan, adin, bertsokera eta kolore guztietakoak, bertso-eskolak gelditzen ez diran errotak diralako. Entzuleen presentziak be ez gaitu kezkatzen, jende andana batzen dalako beti txapelketaren hotsera. Gaijartzaileak eta epaileak, barriz, txapelketaren seme-alabak dirala esan leiteke, txapelketa igaro eta ostean, gehienetan lurrundu egiten diralako.

Oraingo honetan, bertso-epaileen taldean ipini gura dogu fokua, behin-behinekotasun horretatik urten gura dogulako. 2017ko Bertsolari Txapelketa nagusiaren ostetxuan sortu genduan Euskal Herriko Epaile Eskola Iraunkorra, batetik, herrialdeetako epailen arteko hartuemonak errezteko, eta bestetik, etenbako trebakuntzan jarduteko aukera eskaintzearren.

Eta atarte horretan gagozala, Bizkaian epaileentzako ikastaro berezia egitea otu jaku. Berezia dinogu, orain arte egin doguzanak baino zabalagoa eta sakonagoa izango dalako. Ekimen horren helburua bikotxa da:
   1) Bertso-epailetzaren inguruan interesa, gogoa edota jakingura daukeneri arlo horretara hurreratzeko aukera emotea, epaile-talde zabala osatze alde.
   2) Bertsogintzaren alor batean edo bestean (bertsolari, gaijartzaile, aurkezle, bertso-irakasle, bertso-jartzaile, bertso-eskolako kide, dinamizatzaile, bertsozale…) ibilitako jendeari bertsogintzatik ez deskonektatzeko eta bertso-gaian sakontzeko aitzakia on bat eskaintzea, bertso-epailetzaren arlora etorrita.

Zer eskatzen dogun: ikusteko, ikasteko eta jarduteko gogoa, bizipenak eta begitanzinoak partekatzeko gogoa, lagunarte giroan bertsoaren azterketan sakontzeko gogoa, bertsolarien artelana albait objektiboen neurtzeko gogoa, inguruko guztien ekarpenakaz aberasteko gogoa.

Zer eskaintzen dogun: ikastaro mamitsua, ordu parean barik, zapatu bitan garatzekoa (8 ordukoa guztira), bertso epailetzan esperientzia gehien dauken epaileen gidaritza, langaiak atalka jorratzeko moduluak, epai-erispideak berrikusteko egokiera, ariketa praktikoak, audio eta bideoen erabilera. Matrikularen prezioa 10€-koa izango da eta amaieran parte hartze agiri bat emongo jako ikastaro osoa egin dauanari.

Epaile onak gura doguz, eta epaile onek trebatu beharra dauke. Hona hemen alagalako abagunea erronka horri heltzeko. Bertsolariek behar gaitue, txapelketa egongo bada! Antolatzaileok behar zaituegu, bertsolarien lana epaituko bada!

Epaile Taldeko Trebakuntza Batzordea