Martxoaren 13an hasiko da Bertsolari Gazteen XXVII. BBK Sariketa

2019/03/11
Martxoaren 13a eta apirilaren 3a bitarte jokatuko da Bertsolari Gazteen XXVII. BBK Sariketa

Eguerdian aurkeztu da Bilbon XXVII. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Eguaztenean, martxoaren 13an, izango da lehenengo kanporaketa Mungian, eta apirilaren 3an jokatuko da finala Bilbon.

Sariketa gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan. Bertan egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, Ixone Zubieta BBKren ordezkaria eta Onintza Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelduna. Eurek eman dituzte aurtengo sariketari buruzko xehetasun guztiak.

Txapelketaren egitura

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan:

  • A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari
  • B mailan: 19 urtetik 25 urtera arteko hiru bertsolari

Aurten ere, azken urteetan moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte, eta beraz, 60 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.

Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera.

Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.

 

Saioz saio, finalera arte

BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala.

Hurrengoa izango da egutegia:

 

Entzuleak ere, adin berekoak

Saio gehienak ikastetxeetan egiten dira, eta ikusleak, kasu denetan, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke. 

Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da apirilaren 3an, 18:00etan.

 

Denentzako saria

Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, aurten ere,  BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. 

Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxoa ere bananduko da.