“Eskolatik Plazara” bertsolari gazteentzako plaza

2020/01/23
Bertsolari gazteek ikastetxeetako aretoak izango dituzte plaza, eta 5. eta 6. mailetako bertsolaritza ikasleak lekuko.

18 urte arteko bertso eskoletako gazteei zuzendutako proiektua da Eskolatik plazara. Ekimen honen helburu nagusiak gazteei lehia kontestutik kanpo kantatzeko aukera eskaintzea, beraien arteko harremanak sendotzea eta konfiantza giroa lantzea dira.

2020-01-22 eskolatik plazara2020-01-22 Bertsolariak: Urko Iurrebaso, Maider Altuna eta Amaiur Atxa

Aurten 10. urtez egingo da ekimena, eta 12 gazte inguru ibiliko dira, eguazten arratsaldetan, Bizkaiko ikastetxeetan zehar kantuan.

Entzuleak, bestalde, 11-12 urteko gaztetxoak izango dira, hau da, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak. Hauek izango dira, gainera, bertso saiorako gaiak landuko dituztenak. 

Proiektu honek helburu bikoitza du, beraz, batetik bertsolari gazteei plazak ematea, eta bestetik, bertsolaritza ikasleengana bertso saio bat hurreratzea. 

Saio bereziak izaten dira, bertsolari eta entzule gazteen neurrira diseinatutakoak. Horretarako, gidari beharretan, aurten ere, Idoia Anzorandia Kareaga eta Ander Elortegi Garatea ari dira.