Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

"Orain bai: egin dezagun txapelketa bat, ahalik eta ederrena"

2022/09/15
Bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, bertso-eskolako kide eta zale. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia elkarrekin abiatzeko aurkezpen ekitaldia egin dugu Amasa-Villabonan.

Ekainean aurkeztu genuenetik, pasa dira udako oporraldiak, eta konturatzerako hemen da udazkena eta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasiko da Getxon, baina txapelketaren hasierako suziria pizteko aurkezpen ekitaldia zehaztua genuen aurretik. Gaur izan da Amasa-Villabonan.

19:00ak pasatxo hasi da ekitaldia Amasa-Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Beatriz Egizabal aktoreak egin ditu gidari lanak, umore tonuz. Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideari eman dio hitza lehenik; hark hitz egin du Talde Antolatzailearen izenean. Azken urteotako egoera zaila ekarri du gogora, eta txapelketa atzeratzeko arrazoia: "Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena" azaldu du, eta gehitu: “Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”.

2022-09-15 Eskolarteko bertsolariak

Aurkezpenak asko izan du bertsotik: Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Eskolarteko txapeldunak eta txapeldunordeak, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak eta Jon Maiak hartu dute parte kantuan. Bertsolari parte-hartzaileak ere izan dira aurkezpenean. Bestalde, Beatriz Egizabalek haien lanaren zailtasuna eta garrantzia azpimarratuta, gai-jartzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu dute hitza.

Aurkezpenak eginda, hastea baino ez da falta: gozatu udazkenaz, bertsozale!

 2022-09-15 Nerea Erbiti eta taldea

Nerea Erbiti eta bere taldeak egindako sintonia

Gaur aurkeztu da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du, bere taldearekin batera. Hementxe duzue sintonia entzungai.

Txapelketa Nagusiko informazioa jasotzen duen aldizkaria ere hemen duzue deskargatzeko eta irakurtzeko moduan.

Getxon eta Arrasaten, lehen saioak

Irailaren 24an eta 25ean izango dira Getxoko eta Arrasateko saioak, hurrenez hurren. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, eta egunean bertan ere izango dira leihatilan.

Bertsolari parte-hartzaileak. / XDZ - Alberto Elosegi