Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nazioarteko adituen talaia izango da Mintzola Terraza

2017/11/23
Abenduaren 17an egingo den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala bertatik bertara jarraituko dute euskal zaleek ez ezik, baita gure mugetatik haragoko ikertzaile eta inprobisatzaile zaletuek ere. Mintzola Ahozko Lantegiak urtean zehar garatzen dituen egitasmoen bitartez egindako harremanak aintzat hartuta, nazioarteko adituak gonbidatu dira BECen egokituko den Mintzola Terrazara.

Ahozko kantu inprobisatuaren alorrean, ekitaldi bakana dugu Bertsolari Txapelketa Nagusia eta bere finala, eta ikusmina pizten du etxean zein kanpoan. Hain zuzen, 2009ko Txapelketa Nagusian Missouriko Unibertsitatetik gurean izan zen John Foley ahozkotasunaren ikerkuntzan erreferente zenak ere esan zuen "genero honetan lau urtetik behin txapelketa antolatu eta horrelako jendetza biltzen duen ekimenik" ez zuela ezagutzen. Ondorioz, Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta, asko dira abenduaren 17an BECen izango diren nazioarteko adituak. Aurten ere, beraz, sumatuko duzu bertsozalea den munduko erdal hiztunik saioetan.

John Zemke Missouriko Unibertsitateko Center for Studies in Oral Traditioneko egungo zuzendaria da eta gurean izango da finala bertatik bertara jarraitzeko. 1986an sortu zen ikertegia John Foleyren eskutik eta ahozkotasunaren alorrean aitzindari eta erreferente nagusi da mundu mailan. Zemke bera Mintzolak Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren baitan antolatutako Europa bat-batean topaketan izan zen iaz gurean.

Kataluniako zein Mallorcako glosadoreak, Andaluziako trovadoreak, Sardiniako cantadoriak... izango dira finalean

Jacqueline Urla ikertzaile estatubatuarra ere BECen izango da. Antropologian aditua, euskal identitatearen inguruko tesia egin zuen doktoretzarako eta gerora ere hainbat lan argitaratu ditu euskal kulturari loturik. Era berean, Birmingham Unibertsitatetik etorriko da Karin Barber antropologoa, herri kultura eta ahozko adierazpideak bere interesgune izanik. Aipatzekoa da, egun bertsolaritza aztertzen ari diren hainbat ikertzaile izango direla eurekin, eta baita UPV/EHUko eta Mikel Laboa Katedrako ordezkariak ere.

Bestalde, Galizian regueifarekin eta Katalunian zein Mallorcan glosarekin lanean dabiltzan elkarteko ordezkariak izango ditugu. Bertsozale Elkarteak Mintzolaren bitartez eurekin duen harremana etengabea da eta elkarlanean hainbat egitasmo gauzatzen dira; Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Galiziako ikastetxeekin gauzatzen duen regueibertso programa, esate baterako.

Bertsolaritzaren moduko beste kantu inprobisatu gehiago badira munduan eta horretan diharduten inprobisatzaileak izango ditugu: Kataluniako zein Mallorcako glosadoreak, Andaluziako trovadoreak, Sardiniako cantadoriak eta Europa bat-batean egitasmoan gurekin izan zen Kurdistango dengbêja.

Gainera, atzerriko zenbait hedabide ere izango dira tartean.

Neurri ezberdinean, sintonia berean

Ariketa, egitura eta erritmo ezberdinean egiten dute kantuan munduko inprobisatzaileek, baina guztiak kitzikatzen ditu oholtzan bat-batean aritzearen erronkak, aurrean dagoenari beren komunitate edota barruak dituen kezka, iritzi eta aldarrikapenak lau haizetara plazaratzeak. Hori eta askoz gehiago dakigu nazioartean eraiki ditugun zubiei esker.

90eko hamarkadan hasi zen dena. Munduan beste kantu inprobisatu batzuk bazeudela eta Bertsozale Elkartetik Koldo Tapia Elkarteko orduko ordezkaria eta Andoni Egaña bertsolaria joan ziren Veracruzera, Mexikora, kantu inprobisatuaren topaketa batera. Handik urte batzuetara antolatu zen antzerako bat etxean: Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketak gauzatu ziren 2003an, Bertsozale Elkartearen eskutik; jardunaldi akademikoak eta emanaldiak uztartu eta munduko bederatzi adierazpidetako ordezkariak elkartu ziren. Eredu hori jarraituz, Europa bat-batean topaketak egin zituen Mintzolak iaz, Donostia 2016ren babesarekin.

Bi topaketa horien artean eta, gerora ere bai, bertsolariak joan dira munduko hainbat txokotara, gurea erakutsi eta, antzeko adierazpiderik badagoen tokietan, eurena jasotzera: Mexiko, Sardinia, Zipre, Herrialde Katalanak… Txapelketa Nagusiak ere horretarako aitzakia eman izan du eta Euskal Herriko ikus-entzuleak ez ezik, nazioartekoak ere izan ditugu oholtzara adi begira.

Sendoago gune batzuetan eta ahulago besteetan, denek dute bizirauteko grina. Kultur identitatea aldarrikatzeko hitza ere eskaintzen du kantu inprobisatuak, zenbaitek bere-berea duten hizkuntzan ere kantatuz. Hain ezberdin eta hain berdin. Neurri ezberdinean sortu, baina sintonia berean gaude.

Ba al zenekien Groenlandian umorea oinarri duen kantu inprobisatua badela? Sartu Kulturartea Mapara!

Mapan kokatuz

Iaz aurkeztu zuen Mintzola Ahozko Lantegiak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik, Kulturartea Mapa. Munduko kantu inprobisatuak zerrendatu, deskribatu eta mapan kokatzen dituen datu basea da. Egun, 97 adierazpide ditu bilduta, baina bertsozale eta munduko ikertzaileen eskutik eguneratzen den proiektua da.

Ba al zenekien Groenlandian umorea oinarri duen kantu inprobisatua badela? Edota Txinako ipar-ekialdean eta Errusiako hegoaldean zabaldutako Nanai hizkuntzan ere Yimakan delako kantu inprobisatuan aritzen direla? Gehiago ezagutu nahi badituzu, sartu Kulturartea Mapara!

Sardiniako cantadoriak izango dira besteak beste BECen. / XDZ