Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maule-Lextarren izango da hirugarren finalaurrekoa

2017/11/03
Bihar izango da hitzordua Ororena jai alain, 17:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian gaur 18:00ak arte eta, sarrerak amaitu ezean, bihar ere zabalduko da leihatila 15:00etan.

Hirugarren finalaurrekora iritsiko da bihar Bertsolari Txapelketa Nagusia. Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak; aurkezle, Saroi Jauregi ariko da. Maule-Lextarreko Ororena jai alain izango da saioa, 17:00etan.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean egongo dira salgai gaur 18:00ak arte, eta sarrerak amaitu ezean, leihatila 15:00etan zabalduko da bihar. Aretoa 15:30ean zabalduko da.

Lehen itzuliko gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian. 

Maule-Lextarreko saioan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Txapelketa Nagusiko bigarren itzulira, hain zuzen azaroaren 19an Amurrion jokatuko den saiora.

Finalaurreko hau antolatzen Maule-Lextarreko herriko etxearen eta Koblaka elkartearen ezinbesteko laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.

Jarraitu saioa zuzenean

Finalaurrekoak zuzenean eskaintzen ari gara ETB4n Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren eskutik; era berean, www.bertsoa.eus atarian ere ikus eta entzun ahal izango saioa zuzenean. Bestalde, bertsoen hautaketa izango da gozagai biharamunean webgune horretan bertan.

Herri bazkaria, Sohütako ikastolaren eskutik

Maule-Lextarreko saioaren harira, Sohütako Eperra ikastolak bazkaria antolatu du. Bazkaria ikastolaren ondoan dagoen Sohütako gelan egingo da. Txartel kopurua mugatua da, 200 lagunek bazkaltzeko aukera izango dute bertan.

Bazkaria 15 euroan da, eta honakoa da menua: kuia krema edo salda, axoa eta arroza, gazta, bixkotxa, kafea eta patxarana, ogia eta ardoa. Bazkarirako erreserbak ondoko telefonoan egin behar dira: (+33) 681 811 439 (Pantxika).

Saioaren ostean ere, bertan taloak dastatzeko aukera izango da.

Finalaurrekoan parte hartuko duten bertsolariak.