Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maialen Lujanbio, 2022ko txapeldun

2022/12/18
13.300 lagun bildu dira Iruñeko Nafarroa Arenan aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean; egun osoko ekitaldiaren amaieran, Iñaki Muruak jantzi dio txapela Lujanbiori.

Euskal Herriko txoko guztietako bertsozaleak bildu dira gaur Iruñeko Nafarroa Arenan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. 13.300 ikuslek gogoz berotu dute aretoa goizean goizetik, eta bertsolarien lana txaloz eskertzen jardun dute egun osoan zehar.

9:00etan ireki dira aretoko ateak eta 11:00etarako bete-bete eginda zegoen. Aritz Bidegain Airek eman du ongietorria eta, berak deituta, jendartetik oholtzarainoko bidea egin dute gaurko zortzi protagonistek, Ion Zaldua Brit gai-emailearen atzetik, zozketak erabakitako ordenean: Aitor Mendiluze Gonzalez, Nerea Ibarzabal Salegi, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Alaia Martin Etxebeste, Maialen Lujanbio Zugasti, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Beñat Gaztelumendi Arandia.

Epaile lanetan gaurkoan Ainhoa Sarasua Laskarai, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz aritu dira.

Jendetza bildu da Nafarroa Arenan. XDZ - Alberto Elosegi

Goizeko saioaren ostean, eguerdiko atseden tartea hartu dute bertara bildutakoek. Nafarroako Unibertsitate Publikora joan dira batzuk jangelara, eta etxetik jana ekarri dutenak Sadar futbol zelaian izan dute bazkaltzeko aukera.

 

Nazioartekoak zein bertakoak

Harmailak, pista, zein errebotea bertsozalez gainezka izan dira: guztiz bete da Nafarroa Arena. Tartean izan dira nazioarteko aditu eta ikertzaileak ere, hainbat lekutako kantu inprobisatzaileen ordezkariak.

Nazioarteko adituak. Gari Garaialde

Nazioarteko aditu eta ikertzaileak. XDZ - Gari Garaialde

Horiez gain, erakundeen ordezkaritza zabala bildu da finalean. Hainbat Nafarroako erakunde, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Instituzioekiko kontseilaria, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Mikel Arregi Euskarabideko gerentea, Koldo Martinez Nafarroako senataria, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria, Thierry Biskary Herri Elkargoko ordezkaria, Laboral Kutxako ordezkariak, Kontseilukoak, AEKkoak, Elhuyarrekoak, Mondragon Unibertsitatekoak, Deustuko Unibertsitatekoak, Emakundekoak, Amasa-Villabonako Udalekoak, EKEkoak, Ikastolen Elkartekoak eta beste zenbait babesle eta hedabidetako ordezkari.

 

100 lagun pasatxo komunikabideetatik jarraipena egiten

ETBk eta Bertsozale Elkarteak lankidetzan egin eta Ilaski Serranok eta Jon Martinek gidatutako emankizunaren bitartez jarraitu ahal izan dute hainbat bertsozalek finala etxetik; ETB1en eta bertsoa.eus eta eitb.eus webguneetan eskaini zen emankizuna, baita hainbat hedabide laguntzaileren webguneetan ere. Bestalde, zortzi irrati emankizun aritu ziren zuzenean, eta 30 bat komunikabide elkartu ziren finalean jarraipena egiteko, izan idatzizko, ikus-entzunezko edo jarraipen grafikoa egiteko. Guztira, 100 lagun pasatxo aritu ziren lanean hedabideen guneetan.

 

Arratsaldean, gehiago

16:00etan zabaldu dira ateak berriro eta ordu betean goizeko itxura bera hartu du Nafarroa Arenak. Berriro oholtzara igo dira zortzi protagonistak, Alaitz Rekondo Ferrero gai-emailearen gidaritzapean. Hurrenkera honetan egin dute bertsotan: Alaia Martin Etxebeste, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maialen Lujanbio Zugasti, Beñat Gaztelumendi Arandia, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol eta Aitor Mendiluze Gonzalez.

Zortzi bertsolarietatik Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio sailkatu dira buruz burukora, eta azken saioak osatu dituzte. Azkenik, sailkapenaren berri eman du Idoia Anzorandia Kareagak: Maialen Lujanbio da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Hernaniarraren hirugarren txapela da gaur jantzi duena (2009, 2017, 2022).

Txapelduna jakin eta berehala, sari emaileak igo dira oholtzara: Irantzu Idoate, Sagrario Aleman, Edurne Azkarate eta Paulu Zedda. Sari emaileek bertsolaritza ez ezik, euskalgintza eta kulturgintza ordezkatzen dute, baita bertsolaritzak munduan zehar kantu inprobisatuaren eremuan utzi duen lorratza ere. Lagun horiek banatu dituzte sariak: Jose Luis Zumetaren, Dora Salazarren, Carmelo Ortiz de Elgearen, Marta Cardenasen, Mariano Arsuagaren eta Olatz Irigarairen artelanak eskuratu dituzte zortzigarrenetik hirugarrenerako sailkatuek. Txapeldunordeak Iker Valleren eskultura jaso du.

Azkenik, txapeldunaren txanda. Bertsozale Elkartearen izenean, Gontzal Agote Los Santosek eman dio Mikel Lertxundi eskultorearen artelana. Eta azkenik, Iñaki Murua Jauregik jantzi dio txapeldunari txapela Maialen Lujanbiori, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari.

Ederra izan da bidea; eskerrik asko, bertsozale!

Maialen Lujanbio eta Iñaki Murua. XDZ - Gari Garaialde