Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

L'esprit de l'escalier

2017/10/03
"Bertsolaritza tabernetatik oholtzetara pasa zenean bezala, entzuleek ohitu egin behar izan dute itxura desberdinetara, emetasuna lotsarik gabe azaltzen duten emakumeetara, haien ahots finetara. Lujanbiok txapela irabazi zuen hartan ikusi genuen emakumeak ez direla kasualitatea, ezta bizitza laburreko lorea ere. Orduan hasi zen urtzen hainbaten gurasokeria". Bertsolaritzaren eta bertsogintzaren gainean gogoetatu du Arantxa Urretabizkaia idazleak astearteroko atal honetan.

Horrela esaten diote frantziarrek sufritzen dudan gaixotasunari. Eskailerako asmamena, aurkikuntza, oholtzatik behera zoazenean bururatzen zaizun erantzun asmotsua, beranduegi denean gogora datorkizun ihardespen zorrotza, behin-betikoa izango litzatekeena. Diderotek niretzat propio duela bi mende eta erdi asmatutako esaera da.

Horregatik ere utzi dut bertsolari izateko ametsa hurrengo berraragitzerako, errimak, doinuak eta gainerakoak ikasi arren  bertsolaririk motelena izango nintzakeelako.

Bat-batean jarduteko bizkortasuna ez da, ordea, bertsolariengan miresten dudan gaitasun bakarra. Iruditzen zait bertsoaren munduak asko duela irakasteko gizarte osoari, haiengandik asko ikas daitekeela  kulturaren beste esparrutan nahiz politikagintzan. Bertsolariengandik, noski, baina baita gai-jartzaile, antolatzaile, ikertzaile eta gainerako eragileengandik. Bertsogintzarengandik oro har.

Irakatsi digute, adibidez, iragana ezinbesteko abiapuntu dela, zer irakatsi ugari duela, baina ez dela helmuga ez bizileku. Ez dela zakarrontzira bota behar, ezta itsuan jarraitu behar ere. Palanka dela, ez berrikuntzen kartzela. Inspirazioa, ez betebeharreko legea. Eredua, ez agindua.

Ez dugu aise topatuko, gizartearen beste edozein ataletan, tradizioaren eta gaurkotasunaren arteko lotura osasuntsuagorik. Ez dago adankeria  aztarnarik bertsogintzan, eskoletan hasi eta Txapelketa Nagusian buka, edozein bertsolarik hartzen du tradizioa zimentarritzat, baina ez da hor gelditzen, ez du tradizioa muga gisa hartzen, zubi gisa baizik.

Gizonek osatutako unibertsoan emakumeen jarduna nola uztartu erabakitzerakoan ere, asmatzen ari dira bertsolariak. Are gehiago, hastapenetako harridura, zalantza eta duda-mudek laster bilakatu zuten bidezidorra autopista. Ez dut aitzindari haiek eta ondorengoek egindako lana gutxietsi nahi, ondo asko baitakit zein neketsu eta luzea izan ohi den berdintasunerako bidea, ze garesti ordaindu behar izaten den borroka hori.  Baina miresgarria da bertsolarien eta bertsozaleek esparru honetan egin duten bidea.

Bai, bertsolari askori ihes egiten dio subkontzienteak dotrinaren zirrikituetatik, baina kasu horietan ere asmo zintzo bat antzeman daiteke, berdintasunaren aldeko borondatea. Bertsolaritza tabernetatik oholtzetara pasa zenean bezala, entzuleek ohitu egin behar izan dute itxura desberdinetara, emetasuna lotsarik gabe azaltzen duten emakumeetara, haien ahots finetara. Lujanbiok txapela irabazi zuen hartan ikusi genuen emakumeak ez direla kasualitatea, ezta bizitza laburreko lorea ere. Orduan hasi zen urtzen hainbaten gurasokeria.

Bertsogintzan jarduten duten emakumeak, oholtza gainean zein ezkutuan, ausartu dira, ahalegindu dira eta onartuak izan dira, beste edozein kultur arlotan baino azkarrago eta modu sendoagoan.

Eta hainbeste onuraren artean akatsik ez? Gutxienez kale zehatz bat aipatzen ez duen laudorioa sinesgarri ez delakoan, esango dut gaur egungo bertsogintzan aurkitzen dudan hutsunea mamiari dagokiola, agian ez dudalako nahikoa prestakuntza beste ezertan jarduteko. Iruditzen zait gai-jartzaileak bide bakarra seinalatzen ez duenean ere, gaiak erantzuna zabal uzten duenean ere, bertsolari gehienek bide bera aukeratzen dutela. Entzuten dut gaia edo puntua eta askotan asmatzen dut nondik joko duen bertsolariak.

Badira, noski, ustekabeko bertsoak botatzen dituzten bertsolariak, gizon nahiz emakume, baina sarritan bertsolari guztiek aukeratzen dute bide bera, agian entzuleak hori espero duela pentsatzen dutelako, agian arriskatu nahi ez dutelako. Sormenaren kaltetan, originaltasunaren kaltetan.

Entzulea harritzea, espero ez zuen zerbaiten aurrean jartzea ez da izango, seguru aski, bertsolarien aginduetako bat, baina iruditzen zait aberatsagoa izango litzatekeela ikuskizuna oholtzaren gainekoek zein gaiak jartzen ari direnek arrisku hori hartuko balute.

Orduan bai, orduan bertso saio bat, edozein plazatan nahiz txapelketetan, zeruaren atari litzateke niretzat.

Euskadi saria irabazi berri duen Arantxa Urretabizkaia idazlea.