Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finalaurrekoak, ostertzean

2017/10/19
Urriaren 28an ekingo dio Bastidan Bertsolari Txapelketa Nagusiak bigarren faseari, finalaurrekoei. Final laurdenetatik sailkatu diren 18 bertsolariei, duela lau urte finalista izandako 6 bertsolari batuko zaizkie.

Pasa den larunbatean Tolosan egin zen saioarekin amaitu ziren Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenak. Hala, finalaurrekoetara sailkatutako bertsolariak zeintzuk ziren ezagutu genuen eta baita fase honetako lehen saioen osaketa ere.

Finalaurrekoek bi itzuli izango dituzte. Lehen itzulian final laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolariek hartuko dute parte eta haiei batuko zaizkie duela lau urte txapelketan finalista izandako 6 bertsolari. Lehen itzuli horretan puntu gehien batu dituzten 18 bertsolariak pasako dira bigarren itzulira.

Bastida, Irun, Maule-Lextarre eta Durango izango dira lehen itzuliko saioen topagune. Urriaren 28an izango da Arabako Errioxan lehen saioa eta azaroaren 1ean, 4an eta 12an izango dira hurrengoak, hurrenez hurren. Horietako saio bat, Irungoa, asteazkenez jokatuko da, azaroaren 1a jaieguna dela baliatuz.

Bastidako udal kiroldegian, Igor Elortza eta Sustrai Colina hasiko dira txapelketan. Segurako final laurdena irabazita sailkatu da saio honetara Jon Martin eta puntuazioz sailkatu dira Agin Laburu, Jone Uria eta Nahikari Gabilondo.

Irunen Artaleku kiroldegian izango da saioa. Aurrez sailkatutako Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio bertsolariei, Baigorriko final laurdena irabazi zuen Alaia Martin eta puntuazioz sailkatutako Aimar Karrika, Maddalen Arzallus eta Unai Agirre batu zaizkie.

Maule-Lextarren ariko da bertsotan duela lau urte finalista izandako Beñat Gaztelumendi. Berarekin batera oholtzan izango dira Zumaiako eta Tolosako final laurdenetan puntu gehien bildu zituzten Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue, eta baita lehen fase hartatik sailkatutako Beñat Iguaran, Julio Soto eta Nerea Elustondo.

Durangon amaituko da finalaurrekoen lehen itzulia. Aitor Mendiluzek han hasiko du txapelketa eta bertsokide izango ditu Leitzako eta Zallako saioetan puntu gehien lortu zituzten Oihana Iguaran eta Miren Amuriza, puntuazioz sailkatu diren Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Miren Artetxe bertsolariekin batera.

Saio guztiak 17:00etan hasiko dira; ateak 15:30ean zabalduko dira. Lehen itzuliko saio hauetarako zein bigarren itzulirako sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian zein txapelketako webgunean zehaztutako salmenta puntuetan.

Gainean ditugu finalaurrekoak. 

Finalaurrekoak nonahi jarraitzeko aukera

Final laurdenekin egin bezala, www.bertsoa.eus atariak finalaurreko saio guztiak eskainiko ditu zuzenean; eta biharamunetan, hautaketa zabala izango da eskura. Era berean, Hitzetik Hortzeran ere jarraitu ahal izango da txapelketa.

Gainera, finalaurrekoetan, ETB4k zuzeneko emankizun berezia eskainiko du Aitzol Barandiaranen, Manex Agirreren eta Uxue Alberdiren eskutik. Horri erantsi behar zaio hainbat komunikabidek txapelketari egiten dioten jarraipena, besteak beste, txapelketako komunikabide laguntzaileek.

Finalaurrekoetako lehen itzuliko saioak.