Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finala ikusgai izango da Bertsoa.eus atarian eta ETB1en

2017/12/15
Gainera, Bertsozale Elkarteak EITBrekin lankidetzan ekoitzitako Aulki-Jokoa telebista-saioak ere hurbiletik jarraituko ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean jazotakoak.

Igandean bertsozaleen topagune bilakatuko da Barakaldoko BEC Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala tarteko: Aitor MendiluzeAitor Sarriegi, Amets ArzallusBeñat GaztelumendiIgor ElortzaMaialen LujanbioSustrai Colina eta Unai Agirre ariko dira kantuan. Hala ere, bertatik bertara jarraitu ezin duenak izango du horretarako aukera Bertsoa.eus atariari eta ETB1 kateari esker. Goizeko eta arratsaldeko saioak zuzenean ikusi ahal izango dira batean zein bestean.

Aitzol Barandiaranek aurkeztuko du zuzenekoa eta Uxue Alberdik egingo ditu iritzi-emaile lanak. 10:45etik aurrera BECen gertatzen ari dena ikusi ahal izango da Bertsoa.eus atarian zein ETB1en, eta arratsaldeko emisioa 16:20ean hasiko da. ETB1en Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik osatutako tandemari Ilaski Serrano batuko zaio, goizeko balorazioekin eta hainbat elkarrizketekin. 

Txapeldunaren lehen hitzak jasoko ditu ETB1ek, eta saioaren osteko prentsaurrekoa ere zuzenean eskainiko da Bertsoa.eus atarian; oholtzatik jaitsi berritan zortzi bertsolariek dituzten sentsazioak entzun eta ikusi ahal izango dira 20:30etik aurrera. 

Hori gutxi balitz, bertsoaldi onenak eskuragai izango dira egunean bertan www.bertsoa.eus webgunean: eguerdirako egongo dira ikusgai goizekoak, eta arratsaldekoak gauean. Astelehenean, txapeldunari egindako elkarrizketa eskainiko dugu aipatutako atarian, finala eta finalak utzitakoa izango ditugu berarekin hizketagai.

Aulki-Jokoa saio berezia igandean eta atal berria astelehenean

Igandean iluntzeko 21:00ak aldera Aulki-Jokoa saio berezia eskainiko da ETB1en; zazpi programetako eduki onenak bilduko dira ordubeteko saioan. 

Hurrengo egunean, Barakaldon txapela jantzi eta asteleheneko Aulki-Jokoa saioan izango da txapelduna. Finalean bizitakoaz eta utzitako biharamunaz galdetuko diogu. Finaleko egun handian txapeldunari txapela jantziko dion Sebastian Lizaso bertsolariarekin izango da Edurne Azkarate. Handiak izango dira txapel-emaileak biziko dituen emozioak eta guzti horren lekuko izango da Edurne Azkarate. 

Edurne Azkarate_Aulki Jokoa 8

Finaleko bertsoak izango ditu aztergai Andoni Egañak. Astelehenero moduan Edurne Azkarate joango da bere ganbarara eta izango dute zer hitz egina. Azken bisita izango da eta agur usaina izango du astelehenekoak.

Igandean ez da Hitzetik Hortzerarik izango

Finala zuzenean eskainiko denez igande honetan ez da Hitzetik Hortzerarik izango. Abenduaren 24an eskainiko dira finaleko bertso onenak eta txapeldunari egindako elkarrizketa.

Finala ikusgai izango da www.bertsoa.eus atarian zein ETB1en. / Gari Garaialde-XDZ