Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bilbon jokatuko da azken finalaurrekoa larunbatean

2022/11/30
Bertsolari Txapelketa Nagusiko zazpigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da abenduaren 3an Bilboko Bizkaia frontoian. Bertan jakingo dugu zeintzuk izango diren abenduaren 18ko finalean kantatuko duten bertsolariak.

Azken txanpan sartuta dago Bertsolari Txapelketa Nagusia. Larunbatean jokatuko da azken finalaurrekoa Bilbon, Bizkaia frontoian. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar. Gai-emaile beharretan, Idoia Anzorandia Kareaga ariko da.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta Bilbon bertan ere egongo da aukera, 15:00etatik aurrera, leihatilan. Frontoiko ateak 15:45ean irekiko dira eta saioa 17:00etan hasiko da.

Fase honetan, bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Gogoratu finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar dela sailkapena osatzeko; bi saioak dira baliagarriak. Gainera, bigarren itzulian bertso bat gutxiago kantatzen dute bertsolariek.

Fase honetan zazpiko honek osatzen du epaimahaia: Ainhoa Sarasua LascarayAitor Jimenez TolosanaAmaia Otxotorena GamioIñaki Aurrekoetxea ArkotxaMirari Azula AurrekoetxeaNerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Nerea Goñi Begiristain ariko dira.

 

Saioa zuzenean jarraitzeko aukera

Astero bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Horrez gain, Bilbo Hiria irratiak zuzenean eskainiko du saioa Bizkaia frontoitik bertatik.

Domekan bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta Hitzetik Hortzera telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ETB1ek eskainiko ditu larunbat gauean, lehen ganbarako lanetik aurrera. Bilboko emankizuna larunbatean 22:30etik aurrera eskainiko da.