Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsolari Egunetik, Txapelketa Nagusira

2017/11/30
Euskaltzaleak Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu zituzten lehenengo zortzi txapelketa nagusiak.

1935. urtean hasten da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren historia. Urte hartan zein hurrengoan, lehen bi Euskal Herriko txapelketak antolatu zituzten, Bertsolari Eguna izenarekin. Lehena Euskaltzaleak eta Euzko Gaztedia elkarteek antolatu zuten eta hogei bertsolarik eman zuten izena. Saio bakarra jokatu zuten eta Basarrik eraman zuen lehen txapelketa hura. 1936koa, berriz, Euskaltzaleak bazkunak antolatu zuen. Hiru kanporaketa jokatu zituzten eta hamar bertsolari sailkatu ziren Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatu zen finalera. Txirritak eraman zuen txapela eta Uztapidek egin zuen bigarren.

Gerra eta gerraosteko tunel ilun eta luzean bertsolariek han-hemen kantatzen segitu bazuten ere, ez zen txapelketarik antolatzen, harik eta 1958an Euskaltzaindiak txapelketak antolatzeko ardura bere gain hartzea erabaki zuen arte.

Euskaltzaindiak antolatuta

Bi urtez Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan txapelketak jokatu ziren eta modu horretan 1960an egin zen gerraosteko lehen Bertsolari Txapelketa Nagusia: Campeonato Mundial de Bertsolaris zioen orduko kartelak. Bederatzi bertsolarik hartu zuten parte finalean. Uztapiderekin lehia estuan, azkenean Basarrik jantzi zuen bere bigarren txapela. Ondorengo txapelketak antolatzen segitu zuen Euskaltzaindiak, urtero herrialdeetakoak eta bi urtean behin Txapelketa Nagusia. 1962koa Uztapidek irabazi zuen.

Bi urteko maiztasuna laster hautsi zen. Hurrengoa 1965ean jokatu zen. 115 bertsolarik ekin zioten herrialdez herrialde. Uztapidek bigarren txapela irabazi zuen, Lazkao Txikiren aurretik. 1967ko txapelketa aro horretako azkena izango zen; 83 bertsolarik hartu zuten parte eta Uztapidek hirugarren txapelketa jarraian irabazi zuen.

Beste etenaldi bat ezagutu zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiak, 1980ra arte ez zen berriro jokatu. Orduan, Euskaltzaindiak hartu zuen berriro ardura. Urtarrilaren 6an jokatu zen finala eta Xabier Amurizarentzat izan zen txapela. Hurrengoa eta Euskaltzaindiak antolatu zuen azkenengoa, 1982koa izan zen: kanporaketak jokatu ostean, abenduaren 20an Donostiako Balda pilotalekuan izan zen finala, eta zortzi bertsolarik hartu zuten parte. Xabier Amurizaren bigarren txapela izan zen.

Txapelketa horren ostean, bertsolarien eta Euskaltzaindiaren artean hainbat desadostasun azaleratu ziren eta berez 1984an egitekoa zen txapelketa ez zen egin. Azkenean Euskaltzaindiak Txapelketa Nagusia antolatzeari uko egin zion eta bertsolariek beraiek, bertsozaleen laguntzaz, 1985ekoa antolatzeari ekin zioten. Besteak beste, ardura hori hartzeak Bertsolarien Lagunak elkartearen sorrera ekarriko zuen, gerora Bertsozale Elkartea bihurtuko zena.

Informazioa gehiago, bdb.bertsozale.eus webgunean.

30 urte bete dira aurten 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik.