Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Baionan izango da hurrengo finalaurrekoa, larunbatean

2022/11/23
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa jokatuko da Baionako Laugan, larunbatean, 17:00etan. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta leihatilan ere egongo dira egunean bertan.

Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia izango dira azaroaren 26an Baionako Laugan kantatuko duten sei bertsolariak, Ainhoa Larretxea Agirre gai-emailearen gidaritzapean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa izango da Baionakoa, bigarren itzulikoa.

Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Baionan bertan ere izango da sarrerak eskuratzeko modua: Laugan leihatila egongo da eta 15:00etan irekiko da. Aretoko ateak 15:45ean irekiko dira eta saioa 17:00etan hasiko da.

Lehengo astean bezala, bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da sailkapena osatzeko. Hau da, bi saioak dira baliagarriak finalera sailkatzeko. Era berean, bigarren itzuli honetan bertso bat gutxiago kantatzen dute bertsolariek.

Epaimahaia osatuko dutenak, fase osoan bezala, Ainhoa Sarasua LascarayAitor Jimenez TolosanaAmaia Otxotorena GamioIñaki Aurrekoetxea ArkotxaMirari Azula AurrekoetxeaNerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi izango dira. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsorok eta Joxe Mari Altuna Berridik jardungo dute.

 

Saioa zuzenean jarraitzeko aukera

Astero bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eta ETB4 katean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere jarraituko dute saioa, astero bezala. Baionako finalaurrekoa Euskal Irratiek ere zuzenean eskainiko dute.

Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da bertsoa.eus atarian, eta Hitzetik Hortzera telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ETB1ek eskainiko ditu larunbat gauean, lehen ganbarako lanetik aurrera. Baionako eta Bilboko saioen emankizuna saioen egunean bertan 21:00etatik aurrera eskainiko da.