Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Azken finalaurrekoa, bihar Iruñean

2017/12/01
Anaitasuna kiroldegian izango da saioa, 17:00etatik aurrera. Sarrerak pasa den astean amaitu ziren eta beraz, ez da leihatilik zabalduko. Bertsoa.eus atarian eta ETB4n jarraitu ahal izango da zuzenean.

Aitor MendiluzeAitor SarriegiAlaia MartinMiren AmurizaOihana Iguaran eta Unai Agirre. Hori da bihar Iruñeko oholtzan ariko den seikotea. Bertsolari Txapelketa Nagusiari pauso bakar bat geratzen zaio abenduaren 17an egingo den finalerako; eta oraindik erabakitzeke dago nor izango den Amets Arzallusekin batera Barakaldoko BECen ariko den zazpikotea. Bihar jakingo dugu finalaurrekoetako behin betiko sailkapena eta baita finalisten zerrenda ere.

Alaitz Rekondo izango da saioko aurkezlea, eta haren aginduetara honako lanak beteko dituzte parte-hartzaileek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Saioa 17:00etan hasiko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian; ateak 15:30ean zabalduko dira. Sarrerak pasa den astean amaitu zirenez, ez da txarteldegia irekiko. Sarrerarik gabe geratu denak, ordea, izango du finalaurrekoa etxeko goxotasunean jarraitzeko aukerarik: Bertsoa.eus atarian zein ETB4 katean eskainiko da saioa, 16:55etik aurrera Aitzol Barandiaranen eta Uxue Alberdiren eskutik.

Saio ostean, Esne Beltza eta Trikidantz Iruñean

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroa zikloaren baitan ez ezik, Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan dago Iruñeko finalaurrekoa. Hala, egun horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte bi erakundeok eta, besteak beste, finalaurrekoaren ostean Esne Beltza eta Trikidantz taldeen kontzertua izango da, Iruñeko Antoniutti parkean 23:00etatik aurrera.

Bihar erabakiko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalisten zerrenda.