Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

"Aulki-jokoa" telebista saio berria hasiko da ETB1en

2017/10/23
Datorren urriaren 30ean hasiko da programa eta astelehenero eskainiko da 22:30etik aurrera. Bertsolari Txapelketa Nagusitik abiatuta, txapelketa ez ezik bertsolaritzaren gakoak ere ezagutuko ditugu.

Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta bertsolaritzari buruz arituko den telebista-programa berria da Aulki-jokoa. Urriaren 30ean hasita, astelehenero izango da 22:30ean Euskal Telebistako lehen katean.

Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta hainbat bidelagun izango ditu; batzuk asterokoak eta noizbehinkakoak besteak. Andoni Egaña bertsolariak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako saioen berri emango du, eta egungo bertsolaritzaren gakoak eskainiko ditu, astero-astero. Juantxo Zeberio musikariak bertso-doinu bat ekarriko digu saioro. Edurne Azkaraterekin batera aztertuko ditu bertso-doinuen jatorrizko abestiak eta bertsotarako egindako moldaketak.

Bertsolariak, txapelketako antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak, bertso-eskolak… horiek guztiak izango dira Edurne Azkarateren bidelagunak udazkenean.

Saioa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ekoiztu du, Euskal Telebistarekin lankidetzan, eta Lander Garrok egingo ditu zuzendari- eta gidoilari-lanak.

Txapelketa Nagusiaren atzeko aldea bistara

Nola eraikitzen da Txapelketa Nagusia? Galdera horri erantzuten saiatuko da Edurne Azkarate. Horretarako, txapelketako saio aurreko eta osteko lanak egingo ditu arduradunekin batera, antolaketaren atzeko aldea bistaratuz. Lehenengo atalean, Bertsozale Elkarteko kide den Jon Agirresarobek aretoa nola prestatzen den erakutsiko du, goizeko pilotaleku hotzetik arratsaldeko bertso plaza goxora.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoak, bertsolariek sortu edo moldatutako doinuak, pasatako txapelketetako bertso gogoangarriak eta bertsolarien prestaketa-lana ekarriko ditu telebista-saioak.

Beraz, urriaren 30etik aurrera leku bat gehiago izango du bertsolaritzak Euskal Telebistan. Astelehenetan, gaueko 22:30etatik aurrera ETB1en.

Edurne Azkarate eta Andoni Egaña izango dira "Aulki-jokoa" telebista-saioko gidari.