Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Alaia Martin nagusitu da Amurrion jokatutako finalaurrekoan

2022/11/19
1.250 bertsozale elkartu dira Bañueta kiroldegian; gaur hasi da finalaurrekoen bigarren itzulia.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoa jokatu da gaur Amurrioko Bañueta kiroldegian eta 1.250 lagun bildu dira bertan. Finalaurrekoen bigarren itzuliko lehena izan da gaurko saioa.

Zozketak erabakitako ordenan sartu dira bertsolariak kiroldegira Beñat Vidal Gurrutxaga gai-emailearen atzetik: Miren Artetxe SarasolaOihana Iguaran BarandiaranAgin Laburu RezolaAitor Bizkarra RuizAlaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi. Ariketa guztiak egin ondoren Alaia Martinek lortu ditu puntu gehien, 676 puntu. Hurrenez hurren, horrela geratu dira puntuazioak: Aitor Bizkarra 651,5; Oihana Iguaran 632,5; Onintza Enbeita 632,5; Agin Laburu 624; eta Miren Artetxe 595,5.

Bertsolariek egin beharreko ariketak aldatu dira aurreko fasetik. Hauek dira gaur eta hurrengo bi saioetan egin beharko dituztenak: ofiziotan hamarreko txikian, zortziko handian eta zortziko txikian, eta ganbarako lanean bi puntu-erantzun eta bakarka hiruna bertso.

Epaimahaia hurrengoek osatu dute: dira: Ainhoa Sarasua LascarayAitor Jimenez TolosanaAmaia Otxotorena GamioIñaki Aurrekoetxea ArkotxaMirari Azula AurrekoetxeaNerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu dira.

Hurrengoak, Baionan eta Bilbon

Bigarren itzuliko lehenengo saioa izan da gaurkoa eta beste bi geratzen dira: bata, azaroaren 26an Baionan jokatuko da; bestea, abenduaren 3an Bilbon. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.