Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aitor Mendiluzek irabazi du Durangon

2017/11/12
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetako lehen itzulia amaituta, bigarrenera sailkatutako bertsolarien zerrenda ezagutu dugu gaur.

Urtero hartzen duen azokarako hilabete eskas falta dela, Durangoko Landako gunea kultur topaleku izan da gaur ere. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa gauzatu da gaur han eta 2.100 ikus-entzule hurbildu dira Miren Artetxe, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze, Iñaki ApalategiJon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariak entzutera.

Amaia Ugalderen gidaritzapean, zortziko handian, txikian, puntu-erantzunetan eta sei puntuko motzean aritu da seikotea, eginbeharrekoak kartzelako lanarekin biribilduz: "Amaitu da ospakizuna, dena jasotzen ari zara" gaiari heldu diote oholtzakoek.

Aitor Mendiluzek batu ditu puntu gehien gaurko saioan, 740,5 guztira. Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, 678,5 eskuratu ditu Miren Amurizak; 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek. Hala, finalaurrekoetako bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu du eta Iruñean jarraituko du txapelketan, abenduaren 2an. Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan dira gaur epaimahaian eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Nerea Goñi.

Durangoko Udala eta Durangaldeko bertso eskola eskertu ditu Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Bigarren itzuliko saioak, zehaztuta

Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko. Hauxe da zerrenda:

Maialen Lujanbio (Irungo irabazlea)

Sustrai Colina (Bastidako irabazlea)

Beñat Gaztelumendi (Maule-Lextarreko irabazlea)

Aitor Mendiluze (Durangoko irabazlea)

Aitor Sarriegi

Igor Elortza

Agin Laburu

Miren Amuriza

Jon Maia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira finalaurrekoak datozen hiru asteburuetan: azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hain zuzen. Saio bakoitzean abestuko duten bertsolarien zerrenda webgune honetan duzu.

Jarraitu txapelketa nonahi

Finalaurreko saioak zuzenean jarraitu daitezke www.bertsoa.eus atarian zein ETB4 katean, Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren iruzkinekin; baita beste zenbait hedabide laguntzailetan ere. Aipatu webgunean gozagai izango da gaurko bertso bilduma bat eta txapelketaren atzealdea zein aurrealdea ere erakutsiko du bihar Aulki-jokoa saioak 22:30etik aurrera.

Iruñean oholtzaratuko da berriro Aitor Mendiluze. / Argazkia: Gari Garaialde / XDZ