Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eremu zabala

Hiru hilabetez, eta Bertsolari Txapelketa Nagusian lehendabizikoz, zazpi lurraldeetan izango ditu saioak txapelketak.

Bertsoa lotura bat da, eta horregatik Baigorrin hasi eta Barakaldon bukatuko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hiru hilabetez zazpi herrialdeetan barna ibiliko gara: Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo.

Ez da kontu sinbolikoa, ez da erakustaldi moduko bat, errealitate baten isla da. Gorabeherak gorabehera, batera edo bestera, bertsolaritza bizirik dagoen eremu zabal baten isla baita Txapelketa Nagusia. Ez da eremu geografiko hutsa, kultur eta giza eremu bizi baten erakuslea da. Mugimendu zabala da bertsolaritzarena, herriz herri, plazaz plaza agertzen dena. Oholtzan, kalean zein eskolan, ekitaldi intimo zein handietan. Eremu horren muina bertsoa da eta, besteak beste, hari hauskor eta eder hori da Baigorri eta Barakaldo lotzen dituena.