Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Segura eta Leitzara ailegatuko da Txapelketa Nagusia asteburuan

2017/09/27
Bertsolari Txapelketa Nagusiak hitzordu bikoitza du asteburu honetan, Segura eta Leitzan jokatuko baitira bi final laurden. Ander Fuentes "Itturri", Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi ariko dira Seguran eta Leitzan, berriz, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren final laurdena. Gainerako saioak bezala, Segurakoa ere arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Ander Fuentes Mujika "Itturri", Beñat Iguaran Amondarain, Felix Zubia Olaskoaga, Jon Martin Etxebeste, Nerea Elustondo Plazaola eta Unai Gaztelumendi Arandia dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Oier Suarez Hernandok aurkeztuko du saioa.

Saioaz gain, bertsozaleek izango dute beste zerekin goza Seguran, egun horretan egingo baita bertan Bertso Eskolen Eguna. Goizetik hasita, egitarau oparoa prestatu du Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak eta egitarauaren barruan, jakina, Txapelketa Nagusiko saioa dago sartuta.

Igandean, Leitzan

Asteburuko bigarren hitzordua Leitzan izango da, igandean. Bertan kantatuko duen seikoa honakoa izango da: Agin Laburu Rezola, Iñaki Apalategi Astigarraga, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Agirre Goia. Maider Ansa Zugarramurdik egingo ditu aurkezle lanak. Udal kiroldegian izango da saioa, 17:00etan hasita.

Leitzako bertsolariak

Leitzako saioa ere ekimen osagarriekin dator. Izan ere, igandean berean Harria, maitasun istorioa emanaldia eskainiko du Iñaki Perurenak, goizeko 12etan, Peru-harrin. Horren aurretik, 10:30ean, bertan bisita gidatua eskainiko du harri-jasotzaileak. Biak ala biak doako emanaldiak dira.

Seguran zein Leitzan 15:00etan irekiko da leihatila eta 16:00etan, berriz, aretoetako atea. Interneteko salmentari dagokionez, sarrerak ostiraleko 18:00ak arte egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Seguran kantatuko duten sei bertsolariak.