Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Lehen itzulia amaituko da Durangon

2017/11/08
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen txanpa amaitzear da; azken saioa izango da Durangon. Fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Zeintzuk izango diren ezagutuko dugu igandean.

Datorren igandean, azaroaren 12an, Durangoko Landako guneak hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo hitzordua. 17:00etan hasiko da saioa eta 15:30ean zabalduko dira ateak. Sarrera guztiak amaitu direnez, ez da leihatilik irekiko.

Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan; Amaia Ugaldek gidatuko du saioa. Durangokoa irabazten duen bertsolariak bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratuko du, eta abenduaren 2an Iruñean izango den azken finalaurrekoan ariko da.

Ez hori bakarrik; Durangokoa finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa izanda, bigarren itzulirako sailkatu diren bertsolariak zeintzuk diren ezagutuko dugu. Izan ere, lehen fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira bigarren txanparako; Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko saio horiek azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.

Orain arteko sailkapena, hemen.

Durangon bertsotan ariko den seikotea.