Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Beñat Gaztelumendik irabazi du Altsasuko kaporaketa eta Murgiarako sailkatu da

2013/10/13
Beñat Gaztelumendi nagusitu da Altsasun jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketan. Haren atzetik Jexux Mari Irazu, Xabier Silveira, Unai Agirre, Erika Lagoma eta Oihane Perea sailkatu dira.

Beñat Gaztelumendik irabazi du Altsasuko kanporaketa eta hurrengo faserako zuzeneko txartela eskuratu. Honako puntuazioa lortu dute bertsolariek:

    Beñat Gaztelumendi 695,5
    Jexux Mari Irazu 666,5
    Xabier Silveira 652,5
    Unai Agirre 650,5
    Erika Lagoma 622,5
    Oihane Perea 602

    Altsasun lortu duen lehen postuari esker, Beñat Gaztelumendi zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Azaroaren 17an Murgian jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du añorgarrak, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta oraindik erabakitzeke dauden beste hiru bertsolarirekin.


    Asteazkenetik sarrera guztiak salduta zirela, 825 bertsozalek lepo bete dute Burunda pilotalekua. Antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan dute Altsasuko udalak, Sakanako mankomunitateak eta Sakanako bertso eskolak saioa antolatzeko emandako laguntza.

    Legazpin jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa. Saioa hurrengo larunbatean, hilaren 19an, izango da, 17:30ean, Urbeltz pilotalekuan. Sei bertsolari arituko dira: Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Inigo Mantzizidor “Mantxi”, Jokin Uranga eta Oihana Bartra.

    Legazpiko kanporaketako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.