Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Parte-hartzaileak elkartu dira Txapelketaren aurkezpen festan

2013/09/27
Eguraldia lagun zutela, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen festa egin zen ostegun iluntzean Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Txapelketako parte-hartzaileak, babesleak, bertsozaleak eta erakundeetako, euskalgintzako zein kulturgintzako ordezkariak hurbildu ziren ekitaldira. Igandean hasiko den Txapelketa Nagusiaren xehetasunak ezagutzeaz gain, musika eta bertsoekin gozatu zuten bertaratuek.

Igelaren Bandaren doinuekin hasiera eman zitzaion ostegun iluntzean Bertsozale Elkartearen egoitzan egin zen aurkezpen festari. Gonbidatuak hurbildu ahala, giroa berotzen hasi zen eta talde txikietan gehienek zuten Txapelketa Nagusia mintzagai. Amasa-Villabonako bertso-eskolako gaztetxoek ongi etorria eman zioeten gonbidatuei zein Txapelketari berari.

Villabonan 1802an egin zen bertso desafio ezagunaren moldaketa egin zuten Altzok eta Eñaut Agirrek. Horren ondotik, desafioa bera gaurko garaietara ekarri zuen Saroi Jauregiren kontaketak. Andoni Egaña eta Xebastian Lizasoren Txapelketa Nagusiaren gaineko bertsoek amaiera eman zioten lehen atal honi.

Horren ondotik, Maite Berriozabal aurkezleak Txapelketaren gaineko xehetasunak eskaini zituen eta Igelaren Banda taldeak prestatu duen sintonia aurkeztu zuen jendaurrean. Iñaki Muruaren hitzaldiak amaiera eman zion etxe barneko ekitaldiari.

Jarraian, Bertsozale Elkartearen egoitzaren pare-parean dagoen Behar-Zana pilotalekura hurbildu ziren gonbidatuak eta han parte-hartzaileen argazkia egin zen.

Gaugiro ederrarekin gozatuz, pilotaleku ondoko plazan mokau gozo batekin amaitu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurkezpen ekitaldia. Hurrengo hitzordua, igandean Amasa-Villabonan.

 

*Aurkezpen festaren bideoa ikusgai dago Bertsoa.com atarian.

Txapelketa Nagusiko parte-hartzaileak, Behar-Zana pilotalekuan.