Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txapelketa Nagusiko finalaurreko guztiak zuzenean, Hitzetik Hortzera saio berezietan

2013/11/08
Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko jarraipen zabala egiten ari da Hitzetik Hortzera. Bigarren fasean, finalaurreko guztiak zuzenean emango dituzte, saio berezien bitartez. Zuzeneko emanaldiak EAEn ETB Sat-en eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ETB1en ikusiko dira.

Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxea ariko dira aurkezle eta aditu lanetan Hitzetik Hortzerako zuzeneko emanaldietan. Finalaurreko guztiak emango dituzte zuzenean, ETB Saten bitartez Euskal Autonomia Erkidegorako eta ETB1en Nafarroa eta Ipar Euskal Herrirako. BECeko finala ere osorik eskainiko du Euskal Telebistak.

Zuzeneko emanaldiaz gain, Hitzetik Hortzera saioa bere ohiko ordutegian ikusteko aukera ere izango da, igandero arratsaldeko 15etan eta astelehenero 23:15ean. Horietan asteburuko saioen laburpen zabala eskainiko da. 25. denboraldia bete du aurten Hitzetik Hortzera saio beteranoak, eta behin Txapelketa Nagusia amaituta plazaz plazako asteroko jardunaren berri ematen segituko du, apirila arte.