18. Korrika: Eman Euskara Elkarri (2013)

Korrika Kulturalaren baitan, bertsolaritzari loturiko eskaintza zabala izango da aurten Bertso Korrika egitasmoaren eskutik.

Bertso Korrika 2013 irudia

Guztira 25 bertso-eskolak hartu dute euren herrian saioa antolatzeko ardura; bertan 100 bertsolarik jardungo dute, plazaz plaza asko ibili ohi direnek eta gutxiago aritzen direnek bat eginaz saioan. Eta 20 gai-jartzaile arduratuko dira euskaltegian klase didaktikoak emateaz eta bertso saioan gai-jartzaile lanak egiteaz.

Bertso zirkuitu honek hainbat helburu ditu: herrian Korrika girotzea, euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea (batzuentzat lehen aldia izango da) eta gustura sentitzea (bertsolaritzara hurbiltzea), herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea, kalean (ostatuan) euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak eta herriko bertso eskolaren eta euskaltegiaren artean harremanak egitea.

Saioen antolatzaileak tokiko bertso eskola eta euskaltegiak dira. Zirkuitua Bertsozale Elkarteak eta AEK-k elkarlanean bideratu eta koordinatu dute, eta bereziki aipatzekoa da ideia mamitzerakoan eta prozesuan zehar ere Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bertso eskolako irakasleak, Ainhoa Aranburuk, egin duen ekarpena. Iruñean, Bertso Korrikako saioa, Hizkuntza Eskola Ofizialaren 8. Euskal Kultur Astearen baitan antolatuko da.

Bertso Korrika 2013 aurkezpena

Bertso Korrikaren aurkezpenean: Edurne Brouard (AEKko Korrika arduraduna), Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko Lehendakaria) eta Beñat Vidal (Algortako Bertsolari Eskolako kidea, AEKko Mintzapraktika egitasmoko arduraduna eta Bertsozale Elkarteko kidea).