Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Martin Abarrategi eta Manex Agirrek irabazi dute Legution jokatu den binakako txapelketako finala

2021/05/22
Manex Agirre Arriolabengoa eta Martin Abarrategi Sarrionandiak irabazi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako lehen edizio honetako txapela bikoitza. Legutioko kiroldegian 200 lagun elkartu dira. Txapeldunek elkarri jantzi diote okasiorako bordaturiko txapela.

Larunbat arratsaldean, Legutioko kiroldegian jokatu da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, elkar igurzten duten mikro gorri eta urdina. Kantuan hurrengoak: 

Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku) eta Unai Anda Delika (Ametzaga)

Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)

Manuel Bendala Garcia-Donas (Sevilla-Gasteiz) eta Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo)

Nieves Del Alamo aurkezle eta Eli Plazaola gai-emaileren eskutik hiru bertsolari  bikoteek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre Arriolabengoa eta Martin Abarrategi Sarrionandia nagusitu dira eta beraz 2021eko Arabako Binakako txapeldunak dira.

Finaleko epaimahai 5 epaileekin osatuta egon zen:  Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu da. Horrela puntuatu zituzten hiru bertsolari bikoteak:

Manex Agirre Arriolabengoa eta Martin Abarrategi, 828 puntu

Iñaki Viñaspre Simon eta Unai Anda Delika, 820 puntu

Oihane Perea Perez de Mendiola eta Manu Bendala Garcia-Donas, 816 puntu

 

Garaiak garai, txapeldunek elkarri jantzi diote txapela. Elkarren artean egindako lan eta sorturiko emozioak helarazi dizkiete publikoan ikusmiran zituztenei. 

Binaka, bikoteka, pareka, bikotekiderekin, kidearekin, lagunarekin, bidelagunarekin. 

Binomioa, armonia, oreka, begirunea eta lankidetza.

Bi gehi bi lau baino gehiago ere izan daitezkeelako. Doblerik onenak atera eta egin apustu, hordago!

 Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…

Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak hemen ikusgai daude.

Bertsoa.eus-en datorren  ikusgai egongo da saioari buruzko hautaketa.


Txapeldunen bukaerako agurrak:

Manex Agirre Arriolabengoa:

Abarrategi Sarrionandia

a ze bertsolari saga

ta a ze poza txapel bat doa

behingoz Uxarko salara

nirea berriz bidali nahi dut

gure bertso eskolara

pandemiaren erantzun gisa

ere balio du hara

hemen ezin da funtzionatu

taldean ez baldin bada

 

Martin Abarrategi Sarrionandia:

Nahi ta tabernan egongo ziren

hemen baino askoz hobeto

eta pare bat aharrausi egin

gure bertso bakoitzeko

egia esan bai harro nago

kuadrillakoek 15 pabo

zer eta ni entzuteko

aupa Manex bi izan gara

gurdipea bultzatzeko

eta txapel bat dugu buruan

egiten duguna tarteko

banatu nahian gure txapela

beharko ditut konpas ta erregela

bateko eta besteko

asko baitut eskertzeko