Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Giro bikainean joan da 2023ko Arabako bertso kuadrilla arteko ligako lehen asteburua

2023/01/31
Aurrekoan ostiralean hasi zen 2023ko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehen faseko 4 saio jokatu ziren: bi Gasteizen, Oionen eta Laudion. Giro ederra eta umore printzaz beteak igaro dira lehen saioak. Lehen garaileak Bertxilika (Gasteiz), Beeeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz) eta Izena pentsau bida (Aramaio) taldeak izan dira.

Saio hauetako informazio gehiago beheko loturetan (kronika, argazkiak, bertso sorta idatziak...):

Urtarrilak 27, Armentia ikastola, Gasteiz: Bertxilika (Gasteiz) - Egurrak eta ezpalak (Lautada)

Urtarrilak 27, Errexala Elkartea, Gasteiz: Errexala (Gasteiz) - Beeeeertsolariak (Lautada)

Urtarrilak 27, Oion: Txandrio (Arabar Errioxa) - Muinoko katuak (Gasteiz)

Urtarrilak 19, Laudio: Altubepekoak (Aiaraldea) - Izena pentsau bida (Aramaio)

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikistak bidalitakoa:

Bertxilika eta Egurrak eta ezpalak:

Urtarrilaren 27an, ostiralean, Gasteizko Armentia Ikastolan Bertxilika eta Egurrak eta Ezpalak taldekoak bertso-afarian.

Arratsaldeko zortzietan idatzizko modalitatean Bertxilika Bertso Eskolakoek eman zioten hasiera saioari. LH 4ko Iraia, Haizea eta Izaro gogo handiz hasi zitzaizkigun kantatzen rodillerak eta kaskoak jarrita irabazteko asmoz zetozela esan eta denok batera ederki pasako genuelakoan. LH 5 eta 6ko Ekain, Jare, Izaro, Aratz eta Urtzi txitatxoen bertsoetan Laudatakoak berdurtuta zetozela entzun ostean, DBH 1eko onenek, “like a boss”, “Bertxilikako xelebreek” aurkeztu zizkiguten Kuadrillarteko Bertxilika taldeko Samu, Hegoi, Maddi, Eukene, Aroa eta gure gai-jartzailea, Irati, adarra jotzeko beraien joera horri eutsiz. Aupa, Yago, Oinatz, Urko eta Txomin! 

Agurrean Bertxilikako kideak “flipatu” samar eta egurra emateko asmotan azaldu zitzaizkigun. Oier xalaua (amarekin bertso saiora etorritakoa), Irati Anda (Bertxilikakoak bertsolari eta bera eskalatzailea dela entzun behar izan zuena), Unai (Unia urruti dagoela jaso zuena), Pimpinelaren doinuaz oraingoan beste bandoan dagoen Uxue eta “perreatuz” semeak ama baino hobeak direla aditu behar izan zuen Oihane agurtu zituzten. Egurrak eta Ezpalak taldekoek balak kargatuta ekarri zituztela Armentian banatzeko erantzun zieten.

Gabonak lagunekin pasa nahi zituen 17 urteko alabaren gurasoenei, Marimototsen bila zebiltzan Pirritx eta Porrotxen arteko liskarren gorabeherei, “ikastola, rock-and-rolla, gominola, odola” edota “trasto, atasko, asko, oilasko” oindunei, “arraultza doa oiloa baino lehenago” eta “ordutik beti daramat azukrea poltsikoan” puntuei edota “ni naiz hemengo jefa” horrek errimategian dituen aukerei bueltak ematen heldu zen ganbarako lana. Bertan “Goazen” saioaren castingean parte hartzen ari zinenen, igogailuan gelditu ziren filosofoen eta ligatu zuten hiru ikaskideren gorabeherak entzun genituen. 

Epaileen esanetan Bertxilika irabazle eta emaitza, 65 lagunok izandako disfrutatzeko aukera itzela.

 

Errexala eta Beeeeeeertsolariak:

GAU-JAI EDERRA ERREXALAN

Ostiralean, urtarrilaren 27an, bertso-afaria antolatu zuen Gasteizko Errexala taldeak, Gasteizko Errexala elkartean. Ez, ez da potoa. Hori saioan bertan egon zen, eta gogoangarria gainera: Lautadako mito baten jaiotza bizi eta gozatu genuen bertaratu ginen guztiok. 35 bat lagun elkartu ginen, eta bertsolarien artean hasieran kezka bazegoen ere gai errex ala zailak izango ziren, pixkanaka urduritasunak astindu, txalo-zaparradaz busti, eta kantuan nahiz balaka, gau-jai ederra oparitu ziguten. 

 Kristina Arteagak arin eta bizi aurkeztu zuen saioa. Eta idatzizko sortari eman zion lehenik txanda, Marta De Pedisen bertso aldarrikatzaileen eskutik. Horren ostean, bat-bateko emanaldia etorri zen. Errexalaren aldetik, oso korala izan zen saioa, bertsolari berriek oholtza hartu eta ausart bete baitzuten. Hor izan genituen elkarren ondoan eta elkarren babesean bertsolari belaunaldi berria eta beteranoa: Ainara Balantzategi, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Jokin Estepa, Kerman Lopez de Lacalle, Marta de Pedis, Patxi Korta eta Ignacio Trojaola. Beeeeeertsolarien taldeak ondo eutsi zion norgehiagokari, Aitor Najera, Jon Ruiz de Pinedo, Markel Yoller, Beñat Cano eta Oier Arbinak osatutako bostekoarekin. 

Afarian jandako ogiak bezalaxe, bertsoetarako gaiek ere izan zuten mamia: ekipajearen gorabeherak, eskiatzeko abenturak, eta sexu-heziketaren buruhausteak, besteak beste. Baina saioak ez zuen horren zapore berezia izango, musikarien ekarpen dotore eta goxoarengatik izan ez balitz: Diego Pallésen gitarrak eta Maialen Fernandezen biolinak luxuzko bidelagun izan ziren, bai bertsolarien ahotsentzat, bai entzuleen belarrientzat.

Azkenik, gauerdi aldera, Juan Altuna, Fernando Sopelana eta Egoitz Iradier epaileek hausnartzeko tartea hartu zuten, eta iritsi zen epaia: Beeeeeeertsolariak irabazle! Bejondeizuela!

 

Arabar Errioxako Txandriotarrak eta Gasteizko Katuko Muinoak

 Txandrio bertso eskolak antolatuta urtarrilaren 27an arratsaldeko 7 eta erdietan hasiera eman genion 2023ko Arabako Kuadrilla arteko txapelketako E ligako lehen saiora. Bertso saioa Oiongo Bazterra aretoan izan zen eta hauek izan ziren protagonistak: Orlando Arreitunandia, Pello Artetxe, Unai Bengoetxea, Eñaut Insausti, Iker Olabarrieta eta Beñat Otamendi txandriotar kamixeta-urdinen partetik, eta Xabier Antia, Ekaitz Samaniego, Iñaki Viñaspre eta Eli Zaldua kamixeta-berde muinotarrak. Gaiak Idoia Maraurik bideratu zituen. 

Bertso saio “klasikoa” izan zen eta aretoan 50 entzule inguru elkartu ginen, bestalde, ez dago soberan esatea asko disfrutatu genuela entzun genituen bertsoekin. Arabarrak ez ezik Gipuzkoa eta Nafarroa aldeko zaleak  ere hurbildu zitzaizkigun.

Bertsolarien agurrak mundialak izan ziren, umoretsuak batez ere eta musikaz lagunduta.  Horiek entzun eta gero “Harrobi” taldeak kantatu zuen bertso sorta. Bertsolariek sortutako koplak ziren eta haien seme-alabek bere laguntxoekin (5-11 urte bitartekoak) kantatu zituzten. Oso hunkigarria izan zen gurasoen zaletasunaren proiekzioa San Bizente ikastolako haurrengan sentitzea.

Saioa polita izan zen eta bertsolari guztiek bere onena eman zuten momentu dibertigarri eta ahaztezinak eskainiz. Puntoa Gasteiz aldera joan zen, hala erabaki batzuten Mikel Fz. de Arroiabe, Ainhoa Aizpuru eta Oier Iñurrieta epaileek.

Lehenengo lan eta gero jan, beraz bertsoak eta gero afaria etorri zen.  30 lagun baino gehiago elkartu ginen Azkenak elkartean, ohitura dugun bezala. Giro aparta izan genuen eta ordu txikiak arte egon ginen super-gustora bertsoaren babesean. Eskerrik asko eta hurrengoaren zain geratzen gara.

 

Altubepekoak (Aiaraldea) eta Izena pentsau bida (Aramaio)

'Izena pentsau bi da' gailendu zaio 'Altubepekoak' taldeari Arabako kuadrilla arteko txapelketan

Atzo jokatu zen Faktorian bertso txapelketako kanporaketa. Aiaraldekoek otsailaren 10ean izango dute bigarren saioa, Aramaion.

Giro ederrean ospatu zen atzo Faktorian Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketa. Aramaioko 'Izena pentsau bi da' taldea eta eskualdeko 'Altubepekoak' aritu ziren nor baino nor kantuan. Amets Meatza Castañares gai-jartzailearen esanetara oholtzaratu ziren Beñat eta Izar Mendiguren Cosgaya eta Asier Rubio batetik; eta Martin eta Sabin Abarrategi, Manex Agirre eta Danel Herrarte bestetik. 

Saioaren aurretik, bertso sorta idatzien txanda izan zen. Hiru bilduma egon ziren entzungai, Faktoriako bertso eskolako bat eta Zaballako Bertso Eskolako bi. 

Orotariko gaiak jorratu ziren emanaldian: artzain txakur txapelketan artzain gazteek darabilten hizkuntza, Parisen pijaman erosketak egitera doan jendea, San Blas azokan txerriaren bueltan parrandan dabilen lagun kuadrilla, edota txanpon bilduma egiten duten gazteen solasaldia, beste batzuen artean.