Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabar Errioxako Txandrio eta Aramaixoko Sobrak taldeak 1.finalaurrekoan Araian

2018/02/14
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, Araiako Gaztetxean, 19:30ean hasita. Bertan erabakiko da Gasteizko finalean, martxoaren 17an izango den lehen taldea zein izango den.

Arabar Errioxako Txandrio eta Aramaixoko Sobrak taldeak izango dira aurrez aurre larunbatean, Araiako Gaztetxean. Pikoteo bat eskainiko da 19:00etan eta saioa 19:30ean hasiko da. Lehendabizi Araiako bertso sorta idatzizko talde batek kantatuko ditu prestatutako bertsoak, ondoren jokatuko da finalaurrekoa.

Arabar Errioxako kideak dira Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea. Aramaixoko Sobrak taldekoak, berriz, Paula Amilburu, Aitor Ugarte, Martin Abarrategi eta Peru Abarrategi.

Gai jartzaile lanetan Zalduondoko Aitana Iradier ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Josu Olano (Arabar Errioxa), Maria Izaga (Aramaio) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Mikel Fernandez de Arroyabe.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 19an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez 14 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Araian jokatuko da, bigarrena datorren larunbatean Amurrioko gaztetxean eta azkena, martxoaren 3an Aramaioko Sastiñan.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Gasteizko Landatxo kiroldegiko finalean, martxoaren 17an, abestuko dutenak.