Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Bertsogintzaren bidea

Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan egindako bidea nabarmendu nahi da 2019ko txapelketaren bitartez. Eraikitako zubiek eta urteetan pausuz pauso eginiko lanak duen garrantzia goraipatuz.
1982an, Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini ziren Gasteiz eta Aiaraldean. 1984an, lehenengo Arabako Txapelketa izan zen. 1993an, Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen. Ordutik hona hainbat sariketa, proiektu, egitasmo, hausnarketa... Ordutik hona Arabako bertsogintzak bere bidea egin du.

 Aspaldi abiatu genuen, errepide nagusitik irten eta gure benetako naturarekin konektatuko gintuen bidea. Abiadura handirik gabe, motordun ibilgailurik gabe, seinalerik gabe… Seinaleak ikustea zail da batzuetan, sastrakaz betetako bidezidorretan. Baino arriskua eta aukera maite izan ditugu beti.

Margoak sartu genituen poltsikoan,  eta bideak garbitu eta ondorengoentzat markatzen joan gara urtez urte. Ezabatu eta berriz margotu ditugu behin eta berriz. Ibiliz ikasten da oinez, bakoitzaren erritmo errepikaezinean. Guk ere halaxe ikasi genuen, lau oinetan hasi eta zutik mantendu arte, hankak gogortu arte.  

Motxilatik ardoa, txakolina, gatza, patatak, olioa, boilurra, gazta, eztia eta ilusioa partekatuz aurkitu dugu batzen gaituen hori, eta hitz neurtu forma eman diogu.

Behinola hegan egiteko kapaz ginela amets egin genuen. H-dun hegoak astindu genituen txori migrariak lez, baso eta urmael bila iraganez, taldean, Arabako mutur batetik bestera… berriz lurrartzea erabaki genuen arte.

Geroztik, bi urtez behin egiten dugu bide hau, neguko lozorrotik gure zuhaitza esnatu, kimatu eta udaberrira ekarriko duen hitz neurtuen ibilbide eder hau. Arabar bertso bidea, desberdina baino gurea.

Gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, eskualde gehienetan daude bertso-eskolak eta gaztetxo zein helduentzat ematen dira bertsogintza tailerrak. Arabar geografia osoan zehar burutzen dira formatu ezberdinetako bertso saioak. Eskualde denetan lantzen da bertsogintzaren sustapena zein transmisioa eta gehienetan daude bertsolari, gai jartzaile edota epaile trebatuak. Pausuz pausu eraikitzen doan bidea.