Iristear da 2021eko Altxa Kopla Hori!

2021/06/25
Aurtengoan ere ALTXA KOPLA HORI! egitasmoa martxan ipini du Arabako Bertsozale Elkarteak. Kopla doinutan eta musikarien laguntzarekin kantaturiko bertso saio musikatuak dira. Uztailean burutuko dira 2 saio eta irailean beste 3.

2017an hasitako bideari ekinda, 2021ean Altxa Kopla Hori! bertso musikatuen egitasmoa jarri du martxan Arabako Bertsozale Elkarteak, bertsozaleei kopla doinuekin gozatzeko aukera eskainiz. Lagun arteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta eta kopla oinarri hartuta 5 saio antolatuko dira.

Kopla, bertso erdi bat baino gehiago izanik, bertsotan egiteko neurri herrikoia da. Musikaz lagunduta eta lagun arteko giroan gozatzeko aukera ematen duena.

Arabako 20 bertsolarik, 5 gai jartzailek eta 4 musikarik parte hartuko dute, adin, herri eta belaunaldi ezberdinetakoek. Kalean edo plazan, taburetetan edota aulkitan eserita, doinu batzuk musikaz lagunduta eta entzuleengandik hurbil.

Uztailaren 2an, Luioandon, emango zaio hasiera egitasmoari eta uztailaren 15ean izango da uztaileko 2.saioa, Aramaion. Aurrerago emango da irailean burutuko diren beste 3 saioen berri. 

EGIN JARRAIPENA HEMEN