Araba

Lehengoz Euskal Herriko Bertso Eskolarteko txapela Arabara

2017/06/12
Ekainaren 10ean Saran jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko 34. Txapelketa eta Aroa Arrizubieta Barredok (Gasteiz, 2001) jantzi zuen txapela.

Aroa Arrizubietarekin batera, Aitor Ugarte Eriz aramaioarra izan zen arabarron ordezkaria Saran, eta haiekin batera Euskal Herri osoko beste 11 bertsolari aritu ziren kantuan: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000).

2017-06-10 Saran eskolartekoa

Saio puntuagarriaren ondotik Joana Itzainak eman zuen epaileen ebazpena eta ondorioz, lehengo aldiz etorri da Euskal Herriko txapela Arabara. Txapela, Euskal Herri osoa zeharkatuz, Amets Arzallus Antiak, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi zion.

2016-06-10 Saran Aroa Arrizubieta Amets Arzallus

Aroa Armentia ikastolan bertsozaletu zen, Lehen Hezkuntzako 5.mailan zegoelarik, Arabako Bertsozale Elkarteak bertan ikastorduetan eskaintzen duen ikasgaiari esker. Irakaskuntza arautuan Bertsozale Elkarteak duen proiektu horri esker, Euskal Herriko milaka haurrek bertsolaritza gertutik ezagutzeko aukera izaten dute.

Uxue Diaz de Cerio izan zuen irakasle Armentia Ikastolan eta bertako Bertxilika bertso eskolara egin zuen salto. Bertso eskolan, bertsoa eta bertsolaritza sakonago ezagutzeko aukera izan zuen eta 2013an Arabako eskolarteko topaketan hartu zuen parte.

2016an plazaratu zen lehengoz  Arabako Eskolarteko Txapelketan eta orduan bezala, aurten ere Arabako Eskolarteko Txapelketako txapeldun izan da.

Bertsozale Elkarteko Bertso Udalekuetan ere bertsoaz gozatzeko parada izan du azken urtetan Aroak, txapela jantzi eta bukaerako agurrean aipatu zuen bezala. Agurraren bideoa hemen (www.bertsoa.eus) ikusgai.

Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke

Eskerrik asko Muxikakoei
tratatzearren horrela,
zueri ere sentitu bainaiz
udalekutan bezela!
Familiakoei, klasekideei,
ezin zen izan bestela…
Ta kritikatu gaituzten denak
izorratu daitezela:
Arabar batek lortu duela
Euskal Herriko txapela!

2017-06-10 saran aroa bukaeran

2017-06-10 Saran Aroa Arrizubieta