Ikasturteari hasiera eman diote arabar gaztetxoak Hontza Xtremen

2022/09/21
Larunbatean egun pasa ederra izan zuten Hontza Extrem abentura parkean Ekainean 14 urtez azpiko Eskolartekoan parte hartu zuten bertsolari finalistek.

Urteroko ohiturari eutsiz, Araba osoko bertsolari gaztetxoenek Oletako Hontza Extrem abentura parkean disfrutatu ahal izan zuten Eskolartekoan finalista izateagatik irabazitako saria. Aurten bi txandatan banatuta baina ilusio handiz elkartu ziren Otxandioko igerilekuetan; goizean Hezkuntza Arautuko 45 bat ikasle, eta arratsaldean Arabako Bertso-Eskoletako 20 bat gaztetxo. Ur kantinplora bete, motxila hartu eta Oletako abentura parkeraino atera ziren oinez, elkar ezagutzeko eta hitz egiteko aukera izan zutelarik. Bertan, arnesak jantzi, instrukzioak entzun eta banaka-banaka zuhaitzetan zehar igotzen hasi ziren. Inurrien antzera, zuhaitzetik zuhaitzera, irribarre artean igaro zituzten goiz eta arratsaldea gure bertsolari gazteek etxerako buelta iritsi zitzaien arte. Batzuentzat bigarren edo hirugarren aldia izan arren gozatu handia hartu zuten eta ezin izan zuten ahaztu aurtengo berrikuntza: zenbait tirolinaz osatutako ibilbide berria.

 

Laister, Araba osoko hirugarren zikloko gaztetxo askok landuko dute bertsolaritza eskolan eta herri ezberdinetako bertso-eskolak ere martxan jarriko ditugu. Araba bertsolari eta bertsozale berrien zain dago… zeren zain zaude? Eman izena bertso-eskolan! (Egin hemen klik eta bertso eskolan izena emateko formularioa zabalduko zaizu)