Aramaion hasi zen Bertxoko 2019

2019/11/04
Azaroarekin abtera hasi da Bertxoko. Lehen geltokia Aramaioko Zabola Elkartean.

Arratsaldeko 18:00ak aldera bildu zen Bertxokotarren taldea Aramaixoko herrian. Batzuk han bertan biziak eta beste batzuk lautadatik etorriak, baina denek helburu berdinarekin, saioa prestatzea.

Pote bat hartu eta katxarreria guztia hartuta, Zabolako Elkartera abiatu zen espedizioa. Ez ziren gauza gutxi soinean zeramatzatenak; plotter, soinu ekipoa, pikoteoa, argazki kamera, grabadora… baina mikro oinak faltan!

Herrira bueltatu eta modu batean edo bestean, lortu zituzten bada mikro oin batzuk, eta dena prest utzi zuten, bertsolari zein publikoa noiz helduko zain.

20:00ak puntuan hasi zen jendea heltzen, eta gehiago luzatu gabe, pikoteoari ekin zioten hara gerturatutako denek. Patata tortila, frito, gazta ta menbrillo eta nola ez, zeresana eman zuen ogi txiklosoa! Barrenak bustitzeko ardo zein sagardoa ere bazegoen, nola ez.

21:00ak aldera eta barrenak beteta izanda, bertso saioaren ordua heldu zen. Bertsolariak Danel Herrarte, Unai Anda, Eli Zaldua, Martin Abarrategi, Markel Yoller eta Peru Abarrategi izan ziren, azken honek ez zuen puntuatzen baina 6kotea osatzeko arazoak medio, hor sartu zuten engainatuta. Aurkezle lanetan Egoitz Iradier aritu zen.

Bertsolariek osatu beharreko ariketak zortziko nagusian 2na bertso, zortziko txikian 3na bertso, 2 puntu erantzun eta asmakizunen jolasa. Aktualitateari buruzko bertsoaldi ederrak entzun ziren, batzuk seriotik eta beste batzuk umoretik. Aipatzekoa asmakizunen jolasean zein azkartasunarekin asmatu zituzten batak bestearen pertsonaia ezkutua.

Lan puntuagarriak bukatuta, publikoaren txanda heldu zen, haien esku zegoelako finalera ze bi bertsolari pasako ziren. Publikoaren esanetan, bertsolari onenak Martin Abarrategi eta Markel Yoller izan ziren.

Bertxokotarrek zeozer gaizki egin behar zutenez, audioa gaizki grabatu zuten, beraz zaila izango da berriro saio eder horretaz gozatzea.

Berdina gertatu ez dadin, gogoratu Zalduondon jokatuko dela bigarren semifinala, azaroak 8 ostirala Zalduondoko Zeledon toki Elkartean 20:00etan. Finala, Hala Bedi tabernan azaroaren 21ean arratsaldeko 20:00etan ere.

Egin hemen sariketaren jarraipena!