Araba

Arabar gaztetxoek Hontza Xtrem parkean eman diote hasiera irailari

2026/09/21
14 urtez azpiko Eskolartekoko gaztetxo finalistak Hontza Xtrem Abentura parken elkartu ziren ikasturte hasierarekin batera. Zuhaitzetik zuhaitzera saltoka aritzeko aukera izan zuten ekainean Eskolarteko topaketa finalean oholtzaratutakoek.

Azken urteetako tradizioari zor, Araba osoko bertsolari gaztetxoenek Oletako Hontza Extrem abentura parkean goiz edo arratsalde pasa bikaina egiteko aukera izan zuten. Eskolartekoan finalista izanagatik jasotako oparia izan da.

  

Bi txandatan banatu ziren goizeko eta arratsaldekoa, 50 bat ikasle txandako. Otxandioko igerilekutik Oletako abentura parkeraino abiatu ziren oinez basoan zehar,  bidean elkarrei udako anekdotak eta sekretuak kontatuz joan ziren, elkar ezagutzeko edo harremanak sendotzeko parada bikaina. Bidean despistatu eta erreka atzean ere utzi zuten, baina azkar konturatu ziren bertsolari gaztetxoak hori ez zela ibilbide zuzena. 

Parkera iristean arnesak jantzi, bertako adituen azalpenak entzun eta soka, eskailera, polea eta mosketoien txanda etorri zen ondoren. Zuhaitzetik zuhaitzera, ziri eta irribarre urduri artean igaro zuten goiz zein arratsaldea. Abenturaz beteriko egun pasa bikaina izan zen! 

  

Datozen asteetan Araba osoko hirugarren zikloko gaztetxo asko hasiko dira ikastetxeetan bertan bertsolaritza lantzen, herri eta auzo ezberdinetan bertso-eskolak jarriko dira martxan eta zuk ere bertso-eskolan izena eman nahi baduzu egin klik hemen. Edota informazio gehaigo nai baduzu deitu 945-010505 telefono zenbakira.