Aitor Ugarte aramaioarra Arabako Eskolarteko txapeldun

2018/05/13
Bigarren saria Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eskuratu du.

Arabako Eskolarteko txapelketako finala ospatu zen larunbatean, 2018ko maiatzaren 12an, Legutioko Kultur Etxean. XXIII. Arabako Eskolarteko finala. Sei bertsolari oholtza gainean

Aroa Arrizubieta, Gasteiz

Aitor Ugarte, Aramaio

Mikel Martin, Gasteiz

Martin Abarrategi, Aramaio

Beñat Cano, Agurain

Markel Yoller, Illarduia

 

120 gazte inguru bildu ziren Legutioko Kultur Etxean, gaztez lepo beteta, Aiaraldea, Gorbeialdea, Arabar Errioxa, Arabako Lautada eta Gasteizko hainbat taldek giro beroa jarri dute goizean goizetik, Kultur Etxean bertan, 10:30etatik aurrera proiektatutako 18 bideoklipekin. Estereotipoak, askatasuna, berdintasuna, bullinga, adierazpen askatasuna eta sormena gaitzat harturik bi minutuko bideoklip dotoreak aurkeztu ziren. Iaz baino bideoklip gehiago eta kalitatean ere hobekuntza azpimarratu zuten antolatzaileek. 1000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte aurten ere Bertsoa Bizi Gazte girotze tailerretan Arabako 20 ikastetxetan. Parte hartu ondoren, lehiaketan izena eman eta euren kabuz edo eskolaz kanpo egindako bertso tailerretan burutu dituzten lanak oso originalak eta onak izan dira. Lau talde saritu ziren eta irailaren 7 eta 8an Urbasa inguruan sormen eta abentura asteburu pasa eder batez gozatzeko aukera izango dute lan sarituen sortzaileek. Bideoak ikusgai daude Arabako Foru Aldundiaren www.nibanaxarabakoa.eus orrialdean.

 

 

Bideoklip onenaren saria. SORMENA, Armentia Ikastolako taldeak eskuratu zuten.

Bideoklip originalenaren saria. Murgiako EZ AHAZTU eta Amurrioko IZAN LIBRE taldeek partekatu zuten.

Nibanaxarabakoa saria, internet bidez bozka gehien jaso zituena. EZ NAIZ GERATUKO MUTU Gasteizko taldeak jaso zuen.

Bideoklip txalotuenaren saria, TABUAK TAGU bideoklipak eskuratu zuen Legutioko Kultur Etxean bertan.

Gazteak entzule, gazteak protagonista eta gazteen intereseko gaiak izan ziren bat-bateko saioan ere. Hauexek izan ziren egin beharreko lanak:

Ofizioka, zortziko nagusian 3na bertso

Ofizioka, zortziko txikiak 3na bertso

Puntu bati erantzun

Bakarkako gaiari bi bertso

 

Bi twittero edo txiolari izan ziren Aroa eta Aitor, iritzia emateagatik beste batzuk kartzelara joan direla ikusita, Aroak kontua itxi nahi du eta Aitorrek jarraitu. Zortziko nagusian, fuerte hasi ziren bertsolari gazteak. Saio bizia egin zuten iazko txapeldun eta azpitxapeldunak, azkar eta elkarri erantzunez. “Aldarrikatzen jarraitu nahi dut, baina aizu ez arriskatu” esanaz hasi zuen Aroak bertsoaldia eta Aitorrek “Baina Aroa, hori da juxtu, guzti hoiek nahi dutena” zuzen erantzun zion Aitorrek. “Bakarrik utzi beharko zaitut, Aitor twittero zikina, eta bertsotan egin daiteke, aldarrikapen berdina” izan zen Aroaren ateraldia, beste bide bat irekiz gaiari. “Beraz oraintxe erabakia duzu hau dena uztea, ta hain zuzen da haien zentsurai, zentzu gehio ematea” argudiatu zuen Aitorrek. “Kontua utzi ezazu baina izena aldatu zazu” proposatu zion Aroak. Aitorrek bukatu zuen bertsoaldia, “Oraintxe bertan nik mezutxo bat idatziko dut ta punto, ta hala dio, ni enaizela hemen mutu geratuko”.

Mikel eta Martinek osatu zuten zortziko nagusiko bigarren bertsoaldia. Bi lagun ziren, gauean etxera ziozenak, Mikel konturatu zen Martin neskak askotan begiratzen zuela atzera” . Mikelek “ Zu lasai egon ni nagolako oraintxe zure ondoan, zergatik izan behar duzu zuk beldurra etxerakoan” esanaz hasi zuen bertsoaldia. Martinek, “Gertatutakoa pasa ostean ez naiz seguru sentitzen” aitortu zion. Hasi berriaren urduritasunak gora behera Mikelek egoki erantzun zion ofizioari, biek erantzun behar diotela gertatutakoari esanez. Errurik gabe utzitako "manada" izan zuen gogoan Martinek, emakumeek kalean duten babesgabetasuna azpimarratuz. Mikelek bere babesa eskaini zion beldurrez zegoen lagunari eta amaitzeko Martinek, “Pausua arinduta etxera, baietz iritsi lehenago” esan zuen.

Lautadako gazteen txanda izan zen gero, Aguraingo Beñat eta Illarduiko Markel, bizitza osoa euskara ikasten egon eta gero karrera bera egingo zuten bi lagun, Beñatek euskaraz egingo zuela eta Markel zalantzan zegoen, ingelesez edo euskaraz egin. Euskaraz ikastea hobea zela argudiatu zuen Beñatek eta Markelek aldiz irakasle internazionala izango zela esanez hasi zuten bertsoaldia. Markel beteranoaren laguntzaz gustura, lehen urtea izateko Eskolarteko nagusitan ongi estrinatu zen Beñat, ausardiaz eta fresko kantatuz gazteena izan arren.

Zortziko txikian umorerako aukera izan zuten sei bertsolariek. Gazteak izan arren, nahiko eskarmentu erakutsiz oholtza gainean, entzuleen gozamerako. Bizi eta azkar erantzun zioten elkarri.

Mikel eta Aitorrek afaria kuadrilan egin nahi zuten, Aitorrek bere burua eskaini zuen prestatzeko baino afalostean konturatu ziren Mikelek ia ez zuela ezer jan. Begetarianoa zela esanez harritu zuen Mikelek Aitor sukaldaria, eta honek “Hurrengo baten jana taperrak ekarri” esanaz erantzun zion. Saio atsegina burutu zuten, elkarri erantzunez.

Martin eta Beñat izan ziren hurrengoak, ikastetxerako lan bat egiteko binaka jarri zituzten eskolan, Martinek berak bakarrik egin zuen lan dena eta bezperan Beñatek lana eskatzeko deitu zion. “Ta lan eskean zatoz zu nere aldera, zeinek jarri ote gintuen gu biok batera” borobil bukatu zuen lehen bertsoa Martinek, ataka estuan jarriz Beñat. “Etxeko lan guztiak nik eiten dizkizut” erantzun zion Beñatek, nolabaiteko zorra agerian utziz. Erridikulua egingo zuela gogorarazi zion Martinek ondoren. Eta “Peru zure anaia oso azkarra da, lantxo txiki polit hau kopiatutakoa da” amaitu zuen Beñatek bere anaia bertsolariari keinutxo bat eginez.

Ofizio bizi-bizia izan zen hirugarrena. Aroak farmazian egiten zuen lan, Markel gorri gorri sartu zen kondoi kutxa bat eskatzera. “Ta naiz etorri zaren zu nahikoa jator, gero erabiltzeko ba al daukazu inor”, berehala erantzun zion Markelek “Erakutsi mesedez nola diren jartzen”. Umorez eta zirikatuz amaitu zen binakako atala.

Barkakoaren txanda izan zen jarraian. Puntu bana erantzun zuten 6 bertsolariek. Dotore erantzun zuten Mikel eta Martinek eta umorez gurasoei aipamena eginez Aitor Ugartek eta Beñat Canok. Abiada bizian erantzun zituzten puntuak bertsolariek.

Bakarka gai bati buruz bi bertso bota dituzte gazteek jarraian eta hortarako denbora pixkat gehixeago hartu zuten.

Aitor Ugarteren lana nabarmenduko genuke. Txikitatik zure ondoan izan duzun hori zure lagunik onena dela konturatu zara izan zen egokitu zitzaion gaia. Sare sozialen sareetan erori zela aitortu ta gero, “Ezezagunak, jada hartzen ditut/ nere lagunak bezala/ hemen hori da garrantzitsua/ zein dugun zure nibela/ ta ustez hala egin izan dut/ nere lagunen tropela/ ta ez naiz ohartu lagun onena/ nere ondo-ondoan zela” esanaz amaitu zuen bakarkako lan txukuna.

Martin Abarrategi hainbeste itxarondako afarirako jazten jarri zuen gai-jartzaileak. Agur sagar beltzaran doinuan egin zuen bere lana, “Ispiluan parean hamaika izerdi… Ta sinple joan ezkero?/ agian gaitzerdi/ gaur egun itxurak du/ garrantzi gehiegi” bota zuen lehen bertsoan, “izaera bat dago/ oin look guztietan/ surfista o rokero/ ni enau hauetan/ ta bukatuko dugu/ agian penetan… gero ezagutuko du/ nor naizen benetan” dotore amaitu zuen, naturaltasunaren aldeko aldarria eginez.

Sari banaketari ekin zitzaion ondoren. Oihane Perea 2017ko Arabako Bertsolari txapeldunak banatu zituen sariak gazteen artean. Txapelduna, Aitor Ugarte aramaioarra izan zen. Anaia Xabi Igoa bertsolariari eskaini zion saioa, berak emandako aholku eta animoei aipamena eginez.

Bigarrena aldiz, iazko txapelduna, Aroa Arrizubieta izan zen. Biak izango dira ekainaren 9an izango den Euskal Herriko Eskoalrteko txapelketan Arabako ordezkari arabarrak.

Egunari amaiera borobila emateko herri bazkaria izan zuten Legution bertan ikastolan, eguraldi eskasari berotasuna ematea ziurtatuta zegoelarik. Amaitzeko bideoklipen sari banaketa ekitalditxoa eta dantza plaza. Ta iluntzean gazte egunarekin jarraitzeko aukera. Aspertzeko betarik ez zen izan Legution!

 

ARGAZKIAK hemen https://www.bertsozale.eus/eu/araba/2018-eskolartekoa-finala-eta-bbg-eguna-argazkiak/