2015eko Arabako Bertso-eskolarteakoa martxan

2015/05/05
Aste honetan hasiko da Arabako bertso-eskolartekoa. Ostiralean Gasteizen, larunbatean Aramaion, datorren larunbatean Zalduondon. Arabako 8 herri, 9 bertso-eskoletako kidek parte hartuko dute, 18 urtera arte. Azken eguna, jaia eta finala, maiatzaren 23an izango da, Kanpezun.

 2000. urtetik urtero egin den bezala, abian da “Arabako bertso eskolarteko”. Bi maila bereiziko ditugu, 14 urtetik beherakoak eta 14tik 18 urtera artekoak . 14 urtetik beherakoak taldeka arituko dira bat-batean eta 14tik 18 urtera bitartekoak, berriz, bakarka. Bertso-eskoletako kide guztiek parte har dezaten bi modalitate ere egongo dira, bertso jarriena eta bat-batekoa.

Arabako 4 eskualdetako, 8 herritako 9 bertso-eskola izango dira aurtengo eskolarteko protagonistak. Guztira 7 urtetik 18 urtera bitarteko 70 ikasle inguruk hartuko du parte,  52 haur eta 18 gaztek. Hauek dira parte hartuko duten Arabako bertso-eskolak:

  • Legutioko bertso-eskola. haurrak
  • Aramaioko bertso-eskola. Haur eta gazteak
  • Laudioko bertso-eskola. Haurrak
  • Murgiako bertso-eskola. Gazteak
  • Bertxilika, Armentia ikastolako bertso-eskola. Haurrak
  • Gasteizko bertso-eskola. Gazteak.
  • Zalduondoko bertso-eskola. Haur eta gazteak
  • Aguraingo bertso-eskola. Haurrak
  • Kanpezuko bertso-eskola. Haur eta gazteak

Datak hauexek izango dira:
- maiatzak 8, ostiralean, Gasteizko Armentia Ikastolan, 17:30ean
- maiatzak 9, larunbatean, Aramaion, Santinan, 17:00etan
- maiatzak 16, larunbatean, Zalduondon, Lazarraga Jauregian, 17:00etan

Haurren sailak ez du lehiarik izango. Topaketa izango dira eta talde bakoitzak prestatutako bertso sorta egin eta ariketa batzuetan inprobisatzeko  aukera izango du inguru hurbileko beste bertso-eskoletako haurrekin batera. 

Gazteen sailean Gasteizen, Zalduondon eta Aramaion izango diren kanporaketetan bat-batean jardungo dira 18 gazte, eta 6 bertsolari sailkatuko dira Kanpezuko finalera.

Maiatzaren 23an egun osoko festa egitaraua egongo da. Goizean haurren eskolarteko topaketa, herri guztietako bertso-eskoletako haurren bertso-sortak,  eta gazteen finala izango dira. Jarraian bazkari herrikoia eta dantza plaza JOTAFA# txarangarekin.

Hemen aurkituko duzu Arabako Eskolartekoari buruzko informazio gehiago http://www.bertsozale.eus/eu/araba/proiektuak/arabako-bertso-eskolartekoa

Arabako bertso eskolartekoa