Zuhatzako txandak itxiko du Bertso Udalekuen denboraldia

2018/08/20
Uztailean izan dira 2018ko udalekuetako txanda gehienak: Orion, Irañetan, Muxikan eta Idauze-mendin gozatu ahal izan dute bertsozale gazteek. Hala ere, abuztuan itxiko da denboraldia Zuhatzako txandarekin.

Giro ederrean eta goi eta behe urdina lagun, gaur joan dira Zuhatzako uhartera (Araba) 9 eta 11 urte bitarteko 45 bat lagun. Gaur hasi eta ostirala bitarte gauzatuko da 2018ko Bertso Udalekuetako azken txanda. Hala, Orion hasi eta Irañetan, Muxikan eta Idauze-mendin jarraitutako Bertso Udalekuei amaiera emango zaie Zuhatzan.

Bertsolaritzaz gozatzeaz gain, Uribarri-Ganboan dagoen irlak bereizgarri dituen ur-ekintzak ere egingo dituzte. Eta noski, bertsolarien bisita ere izango dute... nor izango oraingoan? Ondo pasa!

 

Bertso Udalekuetako gaztetxoenak joan dira Zuhatzara.