Ziklo berri baten atarian

2018/12/13
Belaunaldi berriei leku egitea, emakumearen presentzia eta bertso saio zein zaleen aniztasuna izan ziren hizpide Durangoko Azokaren baitan Bertsozale Elkarteak antolatutako solasaldian. “Gizarteak dituen galderei erantzuteko eta sentsibilitateak mugimenduan txertatzeko gai bagara, elkartuko gara berriro hamar urte barru”.

Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean aritu ziren pasa den abenduaren 8an, Durangoko Azokan, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kideak. Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzaileak gidatu zuen saioa eta abiapuntu izan zituzten Harkaitz Zubiri ikertzaileak saioaren hasieran aletutako datuak: ebidentzia eta ondorio horiek Zubirik berak Alfredo Retortillorekin eta Xabier Aierdirekin batera, eta datuak bildu dituzten boluntario askorekin, osatutako Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikotik ateratakoak dira.

Bertsozaletasunari buruz egiten den hirugarren ikerketa da, eta 2017ko Txapelketa Nagusian egindako inkestekin ez ezik, saio arruntetan egindako galdetegiekin eta elkarrizketa sakonagoekin osatu da, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez eta aipatu ikertzaileokin. Txapelketako inkestak bertsolaritzaren mugimenduan dabiltzan hainbat gazte boluntariok egin zituzten.

Eta hain zuzen, gazte horiek eta beste hainbat izango dira, besteak beste, datozen urteetako Bertsozale Elkarteko norabideari forma emango diotenak: “2006an egin zen aurreko gogoeta estrategikoa. Gaur baino gazteagoa nintzen eta ez nuen parte hartu. Belaunaldi kideekin askotan komentatzen genuen, erabaki guneetan parte hartzen hasi bai baina diseinatu zen garaian ez geundela eta egoera arraro samarra” zela aipatu zuen Beñat Gaztelumendik. “Maiz entzuten da gazteak ez daudela inon, baina egon badaude eta ari dira. Kezkatuta daude elkartearen egoerarekin, inplikatuta daude, eta antolaketan parte hartzen ari dira, seguraski, gune txikiagoetan, eta talde horiek babestea eta zaintzea dagokigu. Belaunaldi horiek sartzen ari dira eta orain asmatu behar dugu eraikitzen eta bakoitzari bere lekua aitortzen” gehitu zuen.

"Ilusio berriek eta indar berriek ekarriko dute gizarte mugimenduak aurrera egiteko proiektu berria”

Azterketa soziologikotik harago, Bertsozale Elkarteak azken hilabeteotan gauzatu duen Gogoeta Estrategikoan argi geratu da Gaztelumendik aipatutakoa; izan ere, nabarmentzekoa da gogoeta horren baitan irailean zein urrian gauzatutako hitzorduetan ehundik lagun gora bildu direla eta erdia baino gehiago 20-30 urte bitarteko gazteak zirela: “Zorionez gehienak Beñaten adinetik hurbilago zeuden, andrazko asko, nahi berriak, ilusio berriak eta indar berriak eta horrek ekarriko du gizarte mugimenduak aurrera egiteko proiektu berria”, azaldu zuen Igor Elortzak eta gehitu: “gaurkotu behar dugula ikusten da, ziklo berri baten atarian gaudela, momentu erabakior eta oso interesgarrian”.

"Elkarteak berritasunari eta aldatzeari ez dio beldurrik izan"

“Emakumeen posizioa bertsolaritzan; hor gertatzen denaren araberakoa izango da etorkizun hurbil edo ertaineko osasuna”

Gizarte mugimendua. Bertsolaritza hala definitzeko ezaugarri guztiak betetzen dituela azaldu zuen Harkaitz Zubirik, eta, gizarte mugimenduek aurrera egin dezaten, garaira egokituz eraldatu behar dutela. Horretan, belaunaldi berrien parte hartzeaz gainera, emakumeen presentziak ere izango du zer esana bere aburuz: “emakumeen posizioa bertsolaritzan; hor gertatzen denaren araberakoa izango da etorkizun hurbil edo ertaineko osasuna”. Izan ere, azterketako datuek agerian uzten dutenez, 16 urtera arte, parte hartze eta merituei dagokionez, neska eta mutilen arteko kopuruak orekatuak dira bertsolaritzan, baina desoreka nabarmenagoa da hortik aurrera: “Rockaren belaunaldi harekin gertatu zen iraultza txikiaren parekoa gertatzen ari ote den ikustarazten digu azterketak. Ikusi ditugun grafiko horietan emaitza inpaktante batzuk agertzen dira eta horiek aintzat hartzea beharrezkoa dugu aurrera egiteko”, azaldu du Maialen Lujanbiok. Era berean, hizkuntzaren egoera ere kontuan hartzekoa izango dela aipatu du, hari estuki lotua baitago bertsolaritza.

Azpimarratzekoa da baita ere bertsolaritza izaten ari den dibertsifikazioa. 90eko hamarkadan identifikatutakotik, Harkaitz Zubirik bigarren boom bat gertatzen ari dela aipatu zuen: "bertsolari kopurua hirukoiztu egin da eta bertso saioena, laukoiztu. Esan daiteke, seguraski, inoiz izan duen jarraitzale kopuru handiena duela egun bertsolaritzak". Hari mutur horri helduz, Gaztelumendik nabarmendu nahi izan du bigarren boom hori ez dela horrenbeste saioak ikaragarri jendetsuak direlako, baizik eta formatu txikiko saioekin publiko mota ezberdinetara heltzen ari delako bertsolaritza: "hazteko eredu "sanoagoa" da inguru bakoitzak bere erreferentzia propioak edukitzea eta bertsolariarentzat ere oso panorama interesgarria da sorkuntza aldetik, bertsokera muturrekoagoak izan daitezkeen proposamenetara eramateko".

"Elkarteak jarrera zabala izan du: berritasunari eta aldatzeari ez dio beldurrik izan historikoki, gure ADNan dagoen jarrera dela uste dut."

"Elkarteak jarrera zabala izan du: berritasunari eta aldatzeari ez dio beldurrik izan historikoki, gure ADNan dagoen jarrera dela uste dut. Rockaren belaunaldiko gazte horiek plazaratu ginenean ez zen naturalki gertatu, jendeak lan egin zuelako gertatu zen, behartu egin zelako. Aurrerantzean ere saiatu beharko dugu bere gisa sor dadin uzten eta, behar denean, beharbada, momentu batzuetan ere erabaki batzuk gure esku daudenean elkarte bezala hartzen. Hori izango da aurrerabidearen gakoetako bat", azaldu du.

Datozen hamar urteotako epea aintzat hartuta, horretan lan egin beharko dela azaldu zuen Gaztelumendik: “16 urtetik aurrera, nesken kopurua asko jaisten da. Hor dugu erronkarik handienetako bat: justiziazkoa delako kopuru horiek berdintzea eta bidezkoa izateaz gain, bertsolaritzaren bideragarritasuna bera ere jokoan dagoelako”. Eta gaineratu: “bertsolaritza arte bezala gizarteak dauzkan galderei erantzuteko gai den ikusi beharko da eta gizarteak berak dituen antolaketa moduak eta sentsibilitateak bere baitan txertatzeko. Erantzuna baiezkoa bada, hemen ikusiko gara hamar urte barru”.

Durangoko Azokako Areto Nagusian izan zen solasaldia, iragan larunbatean.