Zapia, entzulearen miresmenaren ikur gisa

2020/12/03
Txapelketaz betetako gure historian, Zaldibiak garaipenaren sinbolo berri bat ekarri du bertsolaritzara: zapia. Duela 4 urte antolatu zuten lehenengo Zapi Janztea, eta dagoeneko finkatu da bertsozaleen artean. Haren inguruan gehiago jakingo dugu asteburu honetako Hitzetik Hortzeran: larunbatean eta igandean, ETB1en.

Txapela izan da euskaldunen garaikur urte askoan, “irabazle”  eta “txapeldun”  hitzak elkarren sinonimo bihurtzeraino. Baina txapelaren sinbologia hori zalantzan jarri zuten Zaldibian (Gipuzkoa) duela 4 urte, lehenengo Zapi Janztea antolatu zutenean. Bertso afari horretan ondoen kantatzen duenari zapia jartzen zaio buruan, entzuleen miresmenaren ikur gisa.

Zaldibiako Zazpiak Bat kultur elkarteak antolatzen du sariketa berezi hau, eta, asteburu honetako Hitzetik Hortzeran, hango kide den Alaitz Sarasolarekin elkartuko gara. Berak kontatuko digu nondik datorren Zapi Janztearen idea, eta orain arte bizitakoaren berri ere emango digu.

Bestalde, Zaldibian aurten antolatu duten bertso jaialdiko ale onenak eskainiko dizkizuegu. Gainera, Zapi Janztearen aurreko edizioetako bertsoaldiak eta irudiak ikusteko aukera ere izango da. Horrez gain, Bergarako eta Ermuako saioetako bertsoaldiak eskainiko ditugu.

Bertsoaldi kuttuna, Zaldibiatik

Maide Garmendia Zaldibiako bertsolari gaztea ezagutuko dugu. 2014. urtean Arberatze-Zilhekoan antolatu zen bertso afari bateko bertsoaldia aurkeztuko digu; kantuan entzungo ditugu Andoni Egaña eta Sustrai Colina.

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan, eta bigarren aukera, igandean 15:00etan ETB1en. Edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.

Zaldibiako bertso jaialdikoak eskainiko ditugu.