Ximun Fuchs izango da Hitzetik Hortzeran

2018/01/18
Antzerki-lan ezagun ugaritan parte hartzeaz gain, "Non" filmaren egilea ere bada. Berarekin egindako elkarrizketaz gain Baiona, Amurrio, Elgoibar eta Getariako bertsoaldiak ere eskainiko ditu aste honetako programak. Horrez gain, Getariako bertsoaldi bat aitzakiatzat hartuta, Maialen Lujanbiok Reala-Bartzelona futbol partiduan egindako ohorezko sakea ere gogora ekarriko dugu.

Bete-betea dator aste honetako Hitzetik Hortzera programa ere. Aste honetan Ximun Fuchs aktore eta zuzendaria izango dugu gonbidatu. Antzerki-lan ezagun ugaritan parte hartu izan du: Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna lanetan esate baterako. Horrez gain, Non filmaren egileetako bat ere bada. Berarekin egindako elkarrizketa mamitsua eskainiko du aste honetako programak.

Bertsoak ere ez dira faltako. Joan zen urtarrilaren 12an Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Igor Elortza eta Beñat Gaztelumendi aritu ziren kantuan Baionako Antzokian, Seaskaren alde. Hango bertso batzuk ekarriko ditugu aste honetako programara. Besteak beste, zaborren eta txapelketaren inguruan kantuan entzungo ditugu bertsolariak. 

Gabonetako oporraldian bertso jaialdia egin zen Amurrion ere. Eguberrietako otordu-giroan, dietaren inguruan kantuan aritu ziren Aitor Sarriegi eta Jon Maia. Ale eder eta umoretsuak utzi zituzten, eta igandeko programan eskainiko ditugu.

Ohorezko sakeaz Getarian

Sare sozialetan bolo-bolo ibili da Maialen Lujanbiok joan zen igandean Realak eta Bartzelonak jokatu zuten futbol partiduan egin zuen ohorezko sakearen irudia. Partidura joan aurretik Getarian aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio Bera, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Igor Elortza. Uxue Alberdi gai-jartzaileak ohorezko sakearen inguruko gai bat jarri zien Maialen Lujanbiori eta Amets Arzallusi, eta bertsoaldi hori ere ekarriko dugu pantailara.

Horrez gain, Elgoibarko jaialdiko bertso on batzuk ere izango dira gozagai.

Astero bezala, igande bazkalostean izango da hitzordua, 15:00etan, ETB1en. Eta interneten ere eskueran izango da programa EITB Nahieran atarian.

Ximun Fuchs aktore eta zuzendaria gonbidatu dugu aste honetako saiora.