Xilabako finalari begira jarriko da aste honetan Bertsoa

2016/11/07
Finalisten hitzak bildu ditu sareko plazak eta horiek izango dira entzungai datozen egunetan. Larunbatean izango da finala Baionako Lauga aretoan.

Miren Artetxe, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Xumai Murua Xilabako finalistekin izan da Bertsoa. Larunbat honetan jokatuko da finala Baionako Lauga aretoan, eta hari begira finalistek dituzten inpresioak argitaratuko ditu sareko plazak.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak ere hurrengo txanpari helduko dio: final laurdenak amaituta, sailkapena erabaki da finalerdietarako eta horiei ere jarraipen estua egingo dio Bertsoak. Era berean, Arabako Txapelketako kanporaketen berri ere eskainiko du.

Oholtzaz oholtza jasotako bertsoaldiak ere zabalduko dira aste honetan: Donostiako Lugaritzen egin zen saio matematikoa, Iruñeako Bertsoaroko aleak eta Txirritaren heriotzaren 80.urteurrenaren haritik Eñaut Agirrek Ereñotzun eskainitako emanaldiaren lagina. Albiste gehiago, duela zenbait urte botatako bertsoaldia eta Hitzetik Hortzeraren aurrerapena ere izango dira gozagai Bertsoan, sareko plazan.

Donostian egin zen saio matematikoan bildutako aleak, Bertsoan.