Xabier Amurizaren ibilbidea, atalka, Bertsoan

2017/07/31
Hitzetik Hortzera telebista saiorako Etxanokoak Andoni Egañarekin izan zuen solasaldia berreskuratuko du Bertsoak, gaika aletuta. Aste honetan, haurtzaroa eta hastapenak izango dira hizpide.

Bidaiak egiteko baliatzen dute askok uda eta horretarako proposamena luzatuko digu Bertsoak ere. Xabier Amurizaren ahotik bere ibilbidean zehar bost txango egingo ditugu abuztuan; ostegunero, gaika xehatuta, Hitzetik Hortzera telebista saiorako Andoni Egañak Etxanokoari egindako solasaldia aletuko du Bertsoak. Hala, aste honetan, Amurizaren haurtzaroa eta hastapenak izango dira ardatz.

Bertso saioetarako ere sasoi oparoa izaten da uda eta Villabonako Santio jaien baitan izandako bertso emanaldia zintzilikatuko da aste honetan sarean. Bestalde, Bertsolari Txapelketa Nagusiari tartea egingo zaio eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, 2001ean Igor Elortzak egindako bakarkakoa berreskuratuko du sareko plazak ostiralean.

Xabier Amuriza, Andoni Egañarekin izandako solasaldian.