Uztailaren 14an egingo dugu Batzar Nagusia

2020/06/26
Pandemiak eraginda bertan behera utzi genuen martxoaren 15ean egitekoa zen hitzordua. Agertzeko asmoa izanez gero, izena eman behar da astelehenetik aurrera; telematikoki ere jarraitu ahal izango dute bazkideek.

Martxoaren 14ko asteburuaren atarian, egoeraren larritasuna ikusita, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Senperen egin behar zuen Ohiko Batzar Nagusia bertan behera uztea erabaki zuen. Hitzordua berrartzeko aukera ikusita, beti ere beharrezkoak diren distantzia eta garbitasun neurriak hartuta, uztailaren 14an, asteartez, egingo da batzarra. Amasa-Villabonako Subijana etxean izango da, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan bertan, 18:00etan.

35 lagunentzako tokia izango da, eta, beraz, aurrez izena eman beharko da parte hartzeko: ekainaren 29tik uztailaren 10era eman ahalko da izena, webgune honetan bertan astelehenetik aurrera egokituko den izen-emate orria beteta edota +34 688 818 852 telefono zenbakira deituta. Batzarrera etortzerakoan, Subijana etxearen atzeko atetik sartu beharko dute bazkideek eta maskararekin etorri behar da aretora sartzeko eta irteteko.

Bertatik bertara parte hartu gabe, Internetetik jarraitu nahi bada, izango da aukera: horretarako, bazkideek bertsozale@bertsozale.eus helbidera idatzi behar dute bere asmoaren berri emateko.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Batzarra, uztailaren 11n

Euskal Herriko elkarteko batzarra ez ezik, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia ere atzeratu egin behar izan genuen. Uztailaren 11n izango da, Gernika-Lumoko Astran. 10:30ean hasiko da.

Kasu honetan ere, parte hartzeko izena eman behar da: ekainaren 29tik uztailaren 10era eman ahalko da izena, webgune honetan Bizkaiko atalean egokituta izango den izen-emate orria beteta edota +34 94 681 27 11 telefono zenbakira deituta.