Urteari errepasoa emango diogu Hitzetik Hortzeran

2016/12/29
Bertsogintzarentzat urte emankorra izan da 2016a, eta urteari errepasoa emanaz hasiko dugu 2017a, motorrak berotzen hasteko. Maite Berriozabalek gidatuta, urteko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu urteberri eguneko programan.

Oparoa izan da bertsogintzarentzat 2016a. Hitzetik Hortzerako kamerak plazaz plaza ibili dira urte osoan zehar. Igande honetan, urteberri egunez, joan zaigun urteari begirada bat botako diogu Maite Berriozabal gai-jartzailea gidari hartuta. Urteko bertsoaldi onenak emateaz gain, gai-jartzailetzaren sekretuen berri ere emango digu Maite Berriozabalek.

Urteko gaiak

Zeintzuk izan dira 2016an plazan ibili diren gai nagusiak? Bertsoaldien bidez errepaso bat emango diogu urteko aktualitateari. Denera hamahiru bertsoaldi eskainiko ditugu, eta Euskal Herriko zein atzerriko hogei inprobisatzaileren ahotsak entzuteko aukera izango dugu.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Maite Berriozabal gai-jartzailea izango da aste honetan gonbidatu.